ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuetako ordezkariek salatu egin dute Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bultzatzen ari den elkarrizketa soziala, "iruzurra delako, ez baitu edukirik", eta mobilizatzen segituko dutela hitz eman dute, besteak beste,
Berria.infok zabaldu duenez. "Gobernuak dena ematen dio patronalari, elkarrizketa sozialeko mahaiaren bilera deitzen du gero, patronalak beto eskubidea du eta sindikatuen proposamenek ez dute hortik irteten", adierazi dutenez. Sindikatu haiek deitu zuten lehengo osteguneko greba orokorra, eta gaur berriro "arrakasta" izan zuela adierazi dute. Hain zuzen, Adolfo Muñoz (ELAko idazkari nagusia), Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia), Arantza Fernandez de Garaialde (EILAS), Ainhoa Iturbe (EHNE), Josu Balmaseba (ESK) eta Estitxu Ugarte (Hiru) elkarrekin agertu dira Bilbon, prentsaurrekoan. Argazkian, maiatzaren 21ean Leioan egindako manifestazioa.