18/98 auziari buruzko epaia kaleratu du Auzitegi Gorenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 27a, 00:07
Espainiako Auzitegi Gorenak 18/98 auziari buruzko epaia (pdf) eman du gaur, 1.284 orritan. Bertan, Berria.info-k jakinarazi duenez, Mario Zubiaga eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren beste kideen zein Ekinen Natale Landaren absoluzioa baieztatzen du auzitegiak. Era berean, hainbat zigortuei urte batzuk arindu dizkie Gorenak, Paul Asensio kasu. Barrikan bizi den algortarrari zazpi urte t'erdiko zigorra ezarri dio, Auzitegi Nazionalak 11 urte jarri zizkiola eta fiskalak 9 eskatu ostean, Jexux Mari Zalakainek, ordea, 9 urteko zigorra zeukan eta 8koa ezarri diote. Beste hainbat laguni helegitea aurkezteko baino lehenagoko zigorra mantendu diete Goreneko epaileek. EHUko irakaslearen kasuan, zortzi urte. Orotara 525 urte eta sei hilabetetik 290 urte eta bederatzi hilabetera murriztu dira espetxe zigorrak. Halaber, Gara.net-ek jakitera eman duenez, "Egin" egunkaria eta Egin irratia zabaltzeko eratutako Orain SA, Ardatza SA, Hernani Inprimategia eta Publicidad Lema 2000 zein Euskal Herriko eta Kubako hainbat enpresak jarduera legalak egin zituztela dio orain Espainiako Auzitegi Gorenak. AAMk, bere aldetik, Euskal Herriko "salbuespen egoera" berresten duen "epaiketa politikoak sententzia politikoa izan duela emaitza" salatu du. Argazkian, 2007ko abenduan EHUko Leioa eta Erandioko campusean 18/98koen atxiloketak salatzeko manifestazioa / Xirika.com.
Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako zigorrak:

ORAIN ATALA
Xabier Alegria (12 urte eta 9 hilabete), Jose Luis Elkoro (8), Carlos Trenor (10,6), Jabier Salutregi (7,6), Teresa Toda (6), Manuel Intxauspe (7,8), Isidro Murga (8), Patxi Murga (8), Jexux Mari Zalakain (8), Pablo Gorostiaga (7,8), Xabi Otero (1,10), Iñaki Zapian (1,10)

ENPRESAK ATALA
Joxean Etxeberria (12), Bixente Askasibar (8,6), Bigarren Ibarra (8,6), Iker Beristain (7,6), Imma Berriozabal (6,9), Joxe Garcia Mijangos (7,6), Joxean Diaz (6,9), Juan Pablo Dieguez (6,9)

EKIN
Txema Matanzas (10,9), Ruben Nieto (10,9), Juan Mari Mendizabal (8,6), Xabier Arregi (7,6), Paul Asensio (7,6), Xabier Balanzategi (7,6), Iker Casanova (7,6), Olatz Egiguren (7,6), Imanol Iparragirre (7,6), Patxi Gundin (6,9), Ana Lizarralde (7,6), Natale Landa (absoluzioa)

XAKI
Mikel Egibar (9,6), Elena Beloki (8,6), Joxe Mari Olarra (8,6), Miriam Campos (6,9), Nekane Txapartegi (6,9), Mikel Korta (7,6), Joxe Ramon Antxia (2)

JOXEMI ZUMALABE FUNDAZIOA
Mikel Aznar (absoluzioa), Iñaki O’Shea (absoluzioa), Sabino Ormazabal (absoluzioa), Mikel Zuluaga (absoluzioa), Olatz Altuna (absoluzioa), Fernando Olalde (absoluzioa), Alberto Frias (absoluzioa), Mario Zubiaga (absoluzioa)

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Entzutegi Gorenaren sententziaren harira:

* Euskal Herrian lan politikoa eta soziala espetxearekin zigortua izan daitekeela agerian utzi du epai honek. Militante politikoak, euskaltzaleak, kazetariak, alkate ohiak edo abokatuak izan dira besteak beste epai honek espetxera zigortu dituen herritarrak.

* Epaiketa politikoak sententzia politikoa izan du emaitza. Euskal Herrian bizi dugun salbuespen egoeraren neurria erakusten digute mota honetako zigorrek. Hemen alderdi politikoak legez kanporatuak dira, torturapeko deklarazioak erabiltzen dira herritarrak zigortzeko, egunkariak ixten diren eta alkateak espetxeratzen. Hemen 750 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar espetxeetan ehunaka kilometrotara sakabanatuak, gero eta gehiago direlarik lan politikoari loturik atxilotuak eta espetxeratuak direnak.

* Espainiar estatuaren izaera ez demokratikoa agerian uzten du epai honek. Bozka eskubidea ukatua, adierazpen askatasuna ukatua, biltzeko eskubidea ukatua, manifestatzeko eskubidea ukatua. Demokrazia batean oinarrizkoak diren eskubideak ukatzen dizkigu espainiar estatuak Euskal Herritarrei.

* Amnistiaren Aldeko Mugimendutik une honetan enplazamendu argia luzatu nahi diogu hitzez sententzia honen aurka aterako diren eragile politiko, sozial eta erakundeei. Herri honetako eremu oso baten aurka ematen ari den jazarpen ideologikoaren aurrean benetan, praktikan zer egiteko prest dauden galdetu nahi diegu.

* Gure aldetik aurrerantzean ere egoera honen aurrean mobilizatzeko eta presioa antolatzen jarraitzeko deia luzatzen dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun