"UK" aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta elkarteak "UKAgenda, Uribe Kostako euskal kulturaren agenda" izeneko berripaper elektronikoa zabaltzeari ekin dio berriro ere. 2007an, hainbat hilabetez, Uribe Kosta eta Erandion egitekoak ziren euskarazko ekitaldien berri ematen jardun zuen aldizkariak, horrela nahi zuten auzokideei posta elektronikora doako egitaraua bidaliz. Probaz eta saiakerez behar besteko eskarmentua bilduta, eta Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak diruz lagunduta, ekin diote orain behin betiko zerbitzua eskaintzeari. Horretarako, erabaki duten maiztasuna aldizkariaren berdina izan da, hamabostekaria. "UK"ko lagunek aitortu dutenez, "helburu xumea dauka" paperik gabeko berripaperak: "gure eskualdean euskaraz antolatzen diren ekitaldien berri ematea, hauei oihartzun handiagoa ematea". Ildo berean, norberak bere "ziberlagunen artean 'UKAgenda' honen berri zabaltzea" eskatu dute. Harpidetza egiteko
ukagenda[abildua]aldizkaria.biz helbide elektronikora mezu bat bidaltzea besterik ez da egin behar. Argazkian, "UK"ko lantaldea, Algortan, aldizkariaren 10. urteurrena ospatzen, 2008ko abenduaren 4an.