Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina pasa den ostiralean abiatu bazen ere, orain arte presentzia gutxi izan du eskualdean. Bihar, berriz, hautagaiak Uribe Kostatik desfilatzen hasiko dira. Lehenengoa agertzen Sabin Intxaurraga
Eusko Alkartasunaren eta beraz Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioaren kidea izango da. Bihar bertan, osteguna, emango du mitina, arratsaldeko 7etan, Algortako alkartetxean. Larunbatean, berriz, EAJren eta Europarako Koalizioaren hautagaia den
Izaskun BIlbaok jardungo du Areetako Eskoletako plazan. Jelkideen hitzordua, aurrekoa bezala, arratsaldeko 7etan izango da, eta Bilbaorekin batera Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarren presidentea mintzatuko da. Asteartean, ekainak 2, berriz, "Decrecimiento y simplicidad voluntaria" dokumentala eskainiko du Ezker Antikapitalistaren aldeko
Uribe Kostako sostengu taldeak Algortako Villamonte kultur etxean. Emanaldia 19:30ean abiatuko dute eta bukatzean hitzaldia izango da. Egun berean, baina 19:00etan hasita, kaleratzeen aurkako ekitaldi publikoa egingo du
POSIk Lamiakoko herri ikastetxean. Bestalde,
Iniziatiba Internazionalistak larunbatean, hilak 30, egingo du bere ekitaldi nagusia Euskal Herrian. Horretarako, hiriburuko, Iruñeko, Anaitasuna polikiroldegia aukeratu dute. 17:30etik aurrera, kandidaturako hainbat kidek eta Euskal Herriko gonbidatuek parte hartuko dute bertan. Litekeena da eskualdetik autobusak izatea. Argazkian, Izaskun BIlbao azken hauteskunde autonomikoetan Areetan emandako mitinean.