Getxoko udal langileen egoera salatuko dute ostiraleko osoko bilkuran

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 27a, 18:58

Langileria arloan Getxoko Udalak daraman kudeaketa "benetan penagarria" dela salatu dute tokiko erakundean ordezkaritza duten ELA, UGT, CCOO, LAB, SVP eta ErNE sindikatuek. Hala ere, gaurkoan, EAJ ez ezik, PSE-EE ere egin dute horren erantzule: "ezarrarazi dituzten lanpostu zerrenda guztien aurka helegiteak aurkeztu izan dira eta ezeztatuak izan dira auzitegietan. 2002az geroztik errepikatzen den egoera honek, lanpostu zerrenda sindikatuekin negoziatzera behartzen du. Gutxiengoan daudela aitzakiatzat hartuta, ordea, derrigortasun hau EAJ eta PSEren arteko negoziazioen bitartez ordezkatzen dute, berriz ere ordezkari sindikalak kontutan izan barik", azaldu dutenez. Orain bi astelehen mobilizatzen hasi ziren Getxoko udal langileak. Besteak beste, behin-behinean dauden 150 langileekin "jolasten" ari dela aurpegiratzen diote Gobernu Taldeari sindikatuek. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, pertsona horiei ekainaren 30ean bukatuko zaie kontratua eta erakundeak ez die "inolako erantzunik eman". Hala ere, mobilizazio guztien artean, ostiral honetakoa nabarmendu dute, udal osoko bilkuran izango baitira: "udal erakundea egiten ari den autoritate-abusu sistematikoa, promozio eza eta lantalde organiko osoa ez mantentzea" salatuko dituzte langileek. Argazkian, langileek gaur udaletxe aurrean egindako kontzentrazioa.

Sindikatuen arabera, jokabide horrekin "adore-gabezia eta larritasuna" sortarazten ari da langileen artean Udala, "batez ere aldi-baterako kontratua daukatenen artean". "Nahi duten eran luzatzen dituzte kontratuak eta horrekin lortzen duten zerbitzu-prestazioaren narriadura gero eta nabariagoa da", salatu dutenez.

Honako hauek, "negoziatu behar eta egin ez dituzten zenbait gai salagarri" dira ELA, UGT, CCOO, LAB, SVP eta ErNEren hitzetan:

- Lanpostuen horniketa egiteko forma eta betebeharrak.
- Lanpostu-mailako eta berariazko osagarrien balorazioa.
- Ez dago barne-promoziorako txandarik.
- Kategori berbereko langileen arteko soldata diskriminazioa.
- Zerbitzu ezberdinen pribatizazioa.
- Behin-behineko lan egoerak, %35a gainditzen du.
- Lantaldea murrizteko enplegu-plana ezarri nahi dute, nahiz eta dagoen lan bolumenak kontrakoa adierazi.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun