Getxoko Udaltzaingoak M. B. inizialak dituen 23 urteko gizona atxilotu zuen, joan zen ostiralean, Algortako erdiguneko dastaleku batean, osasun publikoaren kontrako delitua egotzita. Polizia iturrien arabera, bertan drogak saltzen direlakoan zaintzapean zegoen ostalaritza establezimendura sartzen eta, apurtxo bat geroago, ateratzen ikusi zuten gaztea. "Bezeroa" kalean geldiarazi zuten, ustez, hamar haxix dosi erosi ondoren. Udaltzaingoak dioenez, aipatu dastalekuan zegoen pertsona bati erosi zizkiola onartu zuen horrek. Udaltzainek beste polizia batzuen laguntza eskatu zuten eta dastalekuan ustezko saltzailea aurkitu zuten, gerrikoan ezkutatutako 41 eta 8 gramotako prentsatutako hauts puskekin eta 20, 10 eta 5 eurotako hainbat billeterekin. Horrek haxixa zela ematen zuen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!