Larunbatean abiatuko da Leioako lehenengo Aste Berdea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 28a, 15:49

Leioako Udalak bere lehenengo Aste Berdea antolatu du, maiatzaren 30etik ekainaren 7ra bitartean. Egun horietan ingurumenaren aldeko hainbat ekintza egingo dira. Izan ere, bi ostiral barru, hilak 5, izango da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Gauzak horrela, larunbat honetan, Pinueta auzoan, Cervantes plazatik Gaztelubide errepidera arte doan bidetxoa garbituko dute, Auzolan izeneko ekimenaren bitartez. Urte gutxi batzuk barru martxan jarriko den “Bide seguruak” izeneko ekintza da garbiketa lan horren zergati nagusia, udal iturrien arabera. "Horren bitartez, helduak eta umeak elkarlanean ariko dira azken hauen autonomia progresiboa lortzeko asmoz eta esperientzia komunitarioa luzatzeko asmoz", azaldu dutenez. Ordua, 10:30etik 13:00etara jarri dute. Horretaz gain, jakin beharrekoa da autobusa jarriko duela Udalak, partaide guztiak hasiera puntura eramateko. Argazkian, guraso eta seme-alabek elkarren arteko ekintzak egingo dituzte Familien Topagunean.

Bigarrenik, ekainaren 6 eta 7an, IV. Familien Topagunea egingo dute, urtero moduan. "Ekintza horrekin, gurasoak, umeak eta hirugarren adinekoak ere parte hartzen dute esperientziak eta jakintzak elkartrukatzen, beti ere jasangarritasunari buruzkoak", tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Jardunaldiak Ondizko probalekuan egingo dituzte. Lehenik eta behin kanpin denden muntaketa egingo da, ondoren tailerrak hasiera emateko. Aurten, berrerabilitako materialarekin erabiliz jolastuko dira eta belar zein beste material batzuekin kremak eta koloniak egingo dituzte. Afari herrikoiaren ostean, berriz, gaueko jolasak izango dira. Lo egin eta, iratzarri ostean, gosari oparo batez gozatu eta gero, ekintza aktibo batekin amaituko dute kanpaldia.

Ibilbide ekologikoak

“Ibilbide ekologikoak” izenburupean, Leioako hainbat ikastetxeetako (Txomin Aresti, Lamiako, San Bartolome, Artatza eta Mercedarias) 5. eta 6. mailako neska-mutilek udalerriko parkeetatik egingo dituzte ibilaldiak, Leioan azken urteetan izan diren aldaketak ezagutzeko. Horretarako, auzokideen laguntza ezinbestekoa izango da eta artxibo historikoko argazki batzuen laguntza ere izango dute gazteek, euren argazki kamera propioak izateaz gain. Ekintza hori ekainaren 1etik 5era arte izango da eta Udalak autobusa jarriko du oinez ibilbidea egin ezin dutenentzat. Ibilaldia EHUko Arboretum-ean amaituko da, bertan biologo leioaztar batek zalantza guztiak argituko dituela.

Bestalde, Aste Berdea irauten duen bitartean, Leioako Udalak "Pilak kargatu" izeneko ekimena jarriko du martxan, herriko merkatarien elkartearekin batera, erabilitako baterien bilketa sustatzeko asmoz. Horrekin, "birziklapenari garrantzia eman nahi zaio eta pilak uretan izan ditzaketen kutsadura gaitasun handiaz ohartaraztea batez ere", azaldu dutenez. Azkenik, zazpi egun horietan, Kultur Leioan eskuragai izango dira klima aldaketaren inguruko hainbat aldizkari eta liburu. Material guzti hori nagusien liburutegian izango da, Kultur Leioako hirugarren solairuan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun