Pirritx eta Porrotxi betoa ez jartzeagatik Iturbe zinegotzia gaitzestea eskatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 28a, 16:42

Koldo Iturbe Kultura, Kirola, Euskara eta Gazteria zinegotzia (argazkian) gaitzestea eskatu dio biharko Getxoko Udalbatzari tokiko PPk. Marisa Arrue bozeramaile popularrak azaldu duenez, Iturberi Getxoko Kultur Etxeko Kontseilu Nagusiko presidente gisa "erabilitako abusuzko jarrera diktatoriala" egozten diote. Balizko jarrera horiek pasa den hilaren 18an erakutsi ei zituen kultur zinegotziak, Pirritx eta Porrotx pailazo euskaldunekiko PPk eta PSE-EEk aurkeztutako eskaerei kontratua apurtzeko muzin egin zionean. Orduan PPk berak iragarri zuenez, Iturbek eskuduntza berea zela aldarrikatu zuen eta ez zion Kontseilu Nagusiari betoa bozkatzen utzi, erakunde horrek eskumenak ez zituelako. PPk, baina, udal erakundearen arautegia urratu izana leporatu dio Iturberi. Hori dela eta, sinbolikoa den gaitzespena aurrera atera dadin bere laguntza eskatu diote PSE-EEri. Pasa den legealdian Udalbatzak Iñaki Zarraoa alkatea gaitzetsi zuen. Bitartean, Pirritx eta Porrotxen emanaldietarako sarrerak salgai daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun