Gaur epaiketa egin behar zieten, Madrilen, Xabier Garcia Gaztelu "Txapote" eta bere bikotekide Irantzu Gallastegi preso politiko berangoztarrari. Hala ere, data zehaztu barik, atzeratzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehenengo Aretoak, Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez. 1998ko urtarrilaren 9an, bonba-autoa jarriz, Jose Ignacio Iruretagoyena Zarauzko PPko zinegotzia hiltzea leporatzen diete biei. Auzitegiko iturrien arabera, Blanca Martinez fiskalak eskatu du gaurkoz epaiketa bertan behera uztea, deklaratu behar zuen "lekuko nagusietako bat" egon ez delako. Garcia Gaztelu eta Gallastegirentzat 61na urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, "hondamendi terrorista (18 urte), erailketa terrorista (30 urte) eta zauri terrorista (13 urte)" beste hainbat delitu egotzita. Halaber, zigorra bete eta bost urteko epean, Zarauztik, kilometro erdi baino gutxiagora hurbiltzea debekatu nahi diete. Argazkian, Gallastegi eta Garcia Gaztelu
2006ko ekainean egin zieten epaiketan /
Etengabe.