Leioako Udala eta Ur Partzuergoa "hipokritatzat" jo dituzte Lamiakoko araztegiaren kontrakoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 28a, 19:57

Hainbat astetan prestatzen ibili badira ere, azkenean, Leioako Aste Berdearekin batera izango da, larunbat honetarako, maiatzak 30, Lamiakoko Araztegiaren kontrako Herri Ekimenak antolatutako sinadura bilketa. Eguerdiko 12etatik aurrera, Pinuetan ibiliko dira izenpeak batzen. Berez, "ingurumena zaindu eta babesteak duen garrantziaz ohartaraztea" du helburu tokiko erakundeak antolatutako ekimenak. Herritarrek salatu dutenez, "Leioako Udalak hobe luke etsenpluaren bidez predikatu eta, behingoz, araztegiaren proiektua baztertu. Ez genuke horrelakorik beharko euri urak eta ur zikinak behar bezala banatuko balira. Horrela, Lamiakoko hezegunearen ekosistema salbatuko genuke". Bilbo-Bizkaiko Ur Partzuergoa ere "hipokritatzat" jo dute araztegiaren aurkakoek. Aipatu dutenez, azken buletinean, hezeguneen "defentsa amorratua" egiten du, horiek ur berriztagarri erreserba nagusitzat joz. "Bitartean, euren isiltasunarekin araztegiak lurperatuko duen Lamiakoko araztegiaren suntsiketa baimentzen ari dira", salatu dutenez. Argazkian, araztegiaren aurkako pankarta.

Ura era arrazionalean erabili eta errekurtso hidrikoak zaintzeko Ur Partzuergoak egindako deiari dagokionez, zera esatea "ahazten" ari dela uste du Lamiakoko Araztegiaren kontrako Herri Ekimenak: "ur kopuru gutxiago garbitu beharko litzateke, euri urak eta ur zikinak behar bezala banatuko balira; eta, horrela, ez litzateke araztegirik beharko". Garapen jasangarria bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko tokiko erakunde leioaztarra egiten ari dena ere hizpide izan dute plataformako kideek. Udal politika horrek garraio publikoa, bizikletaren erabilera zein oinezko mugikortasuna piztearekin, uraren kudeaketa arduratsua sustatzearekin edota ingurumena zaintzearekin "inolako zerikusirik ez" duela uste dute. Horren adibide bezala jarri dute "milaka ur litro xahutuko dituen" surfa egiteko olatu artifiziala. Baita "Udondoko boulevarda eta beste hainbat oinezkoentzako kale zapalduko dituen" tranbiaren egungo trazadura.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun