Leioako lantegiak "behin betiko itxiko" dituela iragarri du Dow Chemicalek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 28a, 20:08
Dow Chemical nazioarteko kimika enpresak Udondoko bi lantegiak itxiko dituela iragarri du. Idazki baten bidez, 46 behargin dituzten lan zentro horiek urria baino lehen eta "behin betiko itxiko" duela jakinarazi du enpresak. Izan ere, poliestireno eta styrofoam produkzio guneen itxiera "hirugarren hiruhilekoan" kokatu dute. Dow Chemicalen aburuz, "Espainiako eraikuntzak zein Europan poliestirenoren merkatuak" bizi duten "egoera zailak" eta Udondori buruz egindako bideragarritasun ikerketaren "emaitza txarrek" eragin dute hartutako erabakian. Leioa eta Erandioko mugan dauden lantegien itxierak ekarriko duen "gizarte eragina gutxitzeko" asmoa agertu du enpresak eta sindikatuei "lan taldearentzako ahal den irtenbiderik hoberena" eskainiko diela esan du. Besteak beste, langileak aurrez jubilatzea edo Tarragonako (Herrialde Katalanak) zentrora lekuz aldatzea proposatu dute itxiera aginduarekin batera. "Irtenbide horietarako aukera ez dutenentzat, legeriak agintzen duena baino kalte-ordain handiagoak" eta beste lanposturen bat topatzeko laguntzak eskainiko dituztela esan dute. Argazkian, pasa den astean "euren krisia euren kontura" lelopean egindako greba orokorreko irudi bat Leioan.
Nazioarteko enpresak 94 lan zentro ditu munduan zehar, haietariko bi Euskal Herrian, Udondokoa eta Nafarroa Garaiko Ribaforadakoa. Bertan, poliestirenoko lantegia eta zentro teknologiko berria dute. Pasa den abenduan, enpresak iragarri zuen munduko 20 lantegi itxiko zituela, 5.000 behargin kalean utziz. Orain arte ez da publiko egin murrizketa Leioara helduko zenik.

Enpresa estatubatuarra bada ere, Dow Chemicalek hainbat herrialdetako bazkideak ditu, transnationale.org-en arabera. Nagusienak Capital Research & Management Inc., Axa, State Street Corp., Dodge & Cox, Barclays Plc., eta Wellington Management Co. dira, hurrenez hurren kapitalaren %9,5, %6,3, %4,3, %3,9, %3,1 eta %2,5. Axa frantsesa da eta Barclays britainiarra.

Enpresako zuzendaritzako kideen azken soldata ezagunak 2005ekoak dira. Orduan, nazioarteko enpresaren Abdrew N. Liveris presidenteak eta William F. Banholzer presidenteordeak 3,34 eta 1,84 milioi dolarreko soldatak izan zituzten. Liverisek, gainera, 0,67 milioi dolar jaso zituen stock-option delako akzioetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun