Bizkaiko Teknologia Parkearekin hitzarmena sinatzean, EHU erakunde horretako partaide bihurtuko da, ekarpena egingo baitio haren kapital sozialari. Izan ere, unibertsitateak 4.880.010 euro erosiko ditu akzioetan, eta horrela kapitalaren %2,94aren jabea izango da. Ekarpen hori egiteko unibertsitateak Leioako udalerrian dagoen eta EHUko Bizkaiko campusarena den finka bat dohainik erabiltzen utziko dio Teknologia Parkeari 75 urterako. Finka campusaren Plan Bereziak zedarritutako eremuaren barruan dago. Hiriko lurzorutzat sailkatua dago eta ekipamenduaren kalifikazioa dauka. Bestalde, hitzarmena sinatzean EHU elkartearen Administrazio Kontseiluko kide bihurtuko da eta haren batzordeetan hartuko du parte. Laburbilduz, honek hasiera emango dio Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan izango duen Zientzia Parkea eraikitzeko lanari. Lanaren aurreneko fasea urte honen amaieran hasiko da.
EHUko Zientzia Parkea
Leioa eta Erandioko campusaren ondoan egongo den zientzia-parkea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egongo den lehena izango da, eta EHUk eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin burutuko duten ekintza-planaren ekimen giltzarrietako bat da. Zientzia-parke hau EHUko Gobernu Kontseiluak 2005eko abenduaren 22an onartutako Campusa Garatzeko Planaren parte da. Planaren arabera, zehazki, Bizkaiko campusa hiru ardatz nagusiren inguruan gorpuztuko da (San Mames, Sarriko, Leioa-Erandio). Leioako eremuaren moldaketa handiaren barruan (II. fasea amaitzekotan dago), bi ekintza nagusi falta dira: Irakasle Eskola berria eta Zientzia Parkea.
Zientzia Parkeari dagokionez, unibertsitateak hitzarmen bi sinatu zituen 2007an, zeinen bidez Teknologia Parkeak konpromisoa hartu zuen parkea sortzen eta garatzen laguntzeko. Orain hitzarmen horiek zehaztuko dira unibertsitatea Bizkaiko Teknologia Parkean sartzearen bidez. Parkearen helburua da "bikaintasun eta berrikuntza-gune bat eratzea, ikerketa eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak sustatuko dituena; sormenerako, diseinurako eta etorkizunari begiratzeko gune bat, kalitate eta jasangarritasun-irizpideei eutsiko diena eta berrikuntzan eta ezagutzaren gizartean oinarrituko dena, ezagutzan eta ikerketan zimendatutako enpresa berriak sortzeko, lanpostu kualifikatuekin eta enpresa-proiektu lehiakorrekin", aipatu dutenez.
Oinarrizko ezaugarriak eta proiektuaren gauzapen faseak:
Azalera: 188.000 metro koadro.
Aurrekontua, guztira: 190 milioi euro (189.909.699,15 euro)
Hiru faseko plan nagusi bat dago aurreikusita: lehen fasea, lursail osoaren urbanizazioa eta egoitzen eraikuntza (6.600 metro koadro) eta unibertsitatearen I+G-rako plataforma zientifiko bi (bakoitza 5.800 metro koadrokoa). Bigarren eta hirugarren faseak, ikertzaile eta ikasleentzako egoitza (7.000 metro koadro); zerbitzuentzako espazioa (1.000 metro koadro) eta 18 eraikin erakunde publiko eta pribatuentzat (49.000 metro koadro).
Era berean, irizpide zorrotzak ezarriko dira parkean lan egingo duten erakunde eta enpresa pribatuak hautatu eta onartzeko: berrikuntzarako ahalmena, giza baliabideen politika, unibertsitatearekiko harremanak, ingurugiroaren arloko bikaintasuna, unibertsitateak gizarte-erantzukizunaz ezarritako ildoekin bat etortzea, maila teknologikoa eta erakunde edo enpresa horren jarduna nola txertatzen den parke osoaren testuinguruan.