Santutxuko Bertso Eskolak antolatzen dituen Udaberriko Bertso Saioen XXV. edizioa itxiz, bihar, ostirala, Arkaitz Estiballes, Fredi Paya eta Etxahun Lekue bertsolariek "Hudaltzainak" ikuskizunean abestuko dute. Bertso emanaldia 20:00etan izango da, Begoñako udal zentroko ekitaldi aretoan eta sarrera doakoa izango da. Ohiko emanaldi tradizionaletik urrunduz, umorezko ikuskizuna da "Hudaltzainak", bertsoak, film laburrak eta zuzeneko musika uztartzen dituena. Lagunak eta ohiko entsegu kideak dira Estiballes, Payatar nagusia eta Lekue. Bada, oraingo honetan lankideak, udaltzainak ere izango dira. Txaber Larreategik eginiko film laburrarekin eta zuzeneko musikarekin uztartuko dute emanaldi inprobisatua, une dibertigarriak bizitzeko aukera emanez. “Hudaltzainekin, dena da inperfektua, dena da inprobisatua, dena da komikoa” aipatu dute antolatzaileek. Bertsolariekin arituko diren musikariak, sobera ezagunak dira Santutxun: Josu Martinez, Txaber Fernandez, Gorka Etxebarria eta Imanol Martinez. Argazkian, Fredi Paya abesten aurreko "hudaltzainen" emanaldi batean.