Iñaki Urkiza Ezker Batuaren ziengotzi bakarra Getxoko Udalean Alternatiba alderdira pasa da eta berarekin batera jesarlekua eraman du. Gaurko Udalbatzan jakin denez, bera kide bakarra duen bertako Ezker Batua udal taldeak hemendik aurrera Alternatiba izena hartuko du. Urkiza ez da agertu gaurko saoian. Urkiza Udal Gobernuko kidea izan zen pasa den legealdian, EAJ eta EArekin batera egindako hirukoan. 2007ko udal hauteskundeetan, Urkiza zinegotzi atera zen berriro ere, EBk eta Aralarrek koalizioan ateratako 2.487 botori esker, nahiz eta 2003rekin konparatuz gero, bi alderdiek ia 2.000 bozka galdu zuten. Ezker Batuan izandako tira-biretan, Iñaki Urkiza ildo kritikoekin ageri izan da azken boladan, aurretik Javier Madrazorengandik hurbil egon bazen ere. Dena den, ez zuen mugimendu sozio-politikoa utzi Uribe Kostako beste dozena bat militante bezala. Pasa den martxoan, Alternatiba Eraikitzen EBren barnean eta kanpoan lan egiten zuen taldeak EB desagertzea eskatu zuen, Iñaki Urkiza agerraldi horretan izan zela. Apirilean jakin zen martxoan bertan Eraikitzen alderdia erregistratu zutela. Europarako hauteskundeetan Ezker Antikapitalistaren alde ari dira lanean. Argazkian, Iñaki Urkiza pasa den urtarrilaren 13an emandako prentsaurrekoan.