Zerbitzua eta EuskoTrenekiko loturak ondo joan daitezen bermatzeko, "segurtasunezko neurri prebentiboak" hartuko ditu Metro Bilbaok, Boluetan jendetza handia ez pilatzeko. Horrela, langile gehiago ipiniko dira geltoki horretan, laguntzeko eta argibideak emateko, egun osoan jende asko ibiliko dela aurreikusita. Antolatzaileek 100.000 pertsona inguru joango direla kalkulatu dute.
Era berean, hainbat gomendio ezarri dira zirkulazioa ahalik eta ondoen eta azkarren joan dadin, bidaia erosoago izatea eta jendetza pilatzea saihesteko, besteak beste, Ibilaldira joateko metroa hartzea Boluetaraino eta han EuskoTren Zuhatzuraino; taldean joanez gero, metrorako eta EuskoTrenerako balio duen hamar bidaiako txartela erostea; jendetza saihesteko metroan joan-etorrikoa edo Creditrans erabiltzea; eta megafoniatik, teleadierazleetan, informazioko euskarrietan zabaltzen diren aginduak eta jarraibideak errespetatzea eta Metro Bilbaoko langileen esanei jaramon egitea.