Hain zuzen ere, INEFeko bost jokalari eta Getxoko lau Suedian egon ziren joan den astean, Inesen aginduetara, Europako Txapelketan. Espainiak ez zuen lortu datorren urtean Ingalaterrako Munduko Txapelketara igarotzea. Europako Txapelketa hori garesti irten zaio Getxori, Eva Rincon lehen lerroak lesioa izan duelako eta horrenbestez baja hartu duelako. Muskulu biki batean zuntz etendura dauka. Aragoiko hiriburura joango da, baina seguruenik ez du jokatuko. Beste konpromiso eta lesio batzuen ondorioz, Nerea Martinezen taldeak 18 jokalari baino ez ditu eramango. Halere, gogoan izan behar da iaz INEFi irabazi ziotenean ez zutela aldaketarik egin.
Denboraldi luzea
Denboraldia luzea izaten ari da, batez ere jokalaririk onenentzat. Azken hiru hilabeteetan hainbat kanporaketa jokatu behar izan dituzte: Espainiako Erreginaren Kopa, autonomikoa, Dubaiko Seven edo aipatutako Europako txapelketa. Taldea partida asko jokatu ondoren iritsi da igandeko hitzordura, baita INEF ere. Nerea Martinezek argi dauka. Kataluniarrei ez zaie jokatzen utzi behar. Dauzkaten aukera guztiak aprobetxatu behar dituzte, eta berriro ere sorpresa handia eman. Halere badakite denboraldia "arrakasta itzela" izan dela.