Arau berriak "auzotarrek aisialdirako eta atsedenerako duten eskubideak" bateratu nahi ditu "era jasangarrian". Halaber, udalerrian ostalaritzaren sektorea leheneratzea ahalbidetu nahi da.
Ordenantzak hainbat gai arautzen ditu. Jarduera espezifikoak eta kokalekuen baldintzak (ostalaritza saltokien arteko tartea arautuko du) multzotan sailkatzen ditu; ekipamendua eta higiene eta osasun baldintzak; lokaletako kutsadura akustikoa gutxitzeko neurriak; eta lizentzien emakida, iraungitzea eta luzatzea arautzen ditu ere, besteak beste.
Ostalaritza sektoreko establezimendu guztiengan izango du eragina eta janari-edarien alorreko batzurengan ere, -hala nola, izozki-denda, gozotegi, dastaleku, ogitarteko-dendak,... - bezeroei edariak edo janariak lokalean bertan zerbitzatuz gero, baita antzeko jarduera duten mintzalekuengan ere.
Orain arte indarrean zegoen arauari buruz aldatu den gairik garrantzitsuenetakoa da eragin ditzaketen arazoen arabera jarduerak taldeka sailkatzen dituela, 5 multzo sortuz. Halaber, lokalen arteko tartearen mugatzea kentzen du, mintzalekuetan, taberna berezietan, pubetan, klubetan,...eta dantzalekuetan ezik, 100, 150 eta 300 metrotan finkatzen baitu tartea, hurrenez hurren. Kanpoan barrak ipintzea ere eragozten du, izozki-denda eta antzekoen multzoan ezik eta 40 metro koadroko gutxieneko azalera erabilgarriaren baldintza ere baliogabetzen du.