Iñigo Urkullu EAJren buruzagi nagusiak, berriz, Patxi Lopezen GObermnua izan zuen jomugatzat. "Eusko Jaurlaritzak bihar ez dela Bizkaiko Ikastolen egunean egongo esan du. Ez dira Ibilaldira joango, egun berean "arrosaren jaia" ospatuko dutelako eta Zapatero bera ere egongo delako. Hezkuntza sailburuak eta gainerako sailburuak alderdi barruko ekitaldian egongo dira. Zenbatetan entzun behar izan dugu Euskadi gure batzoki bilakatu nahi genuela? Zer nolako gogortasunez esan digute Alderdiaren interesak helburu orokorren gainetik jartzen genituela? Ez Herri Urrats, ezta Ibilaldia ere. Ahaldun Nagusiak ere ez dituzte hartu. Ez euskararik, ez ikastolarik, ez instituzioekiko ardurarik. Non dute haiek herri honekiko konpromisoa? Non dago herri gisa ditugun erakunde eta ikurrekiko konpromisoa?", itaunka aritu ostean PSE-EEri deitu zion Gobernua izateko eta ez "Lakuako herriko etxea".
Azkenik, Urkulluk ezbaian jarri zuen EA eta Aralar barne biltzen dituen Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak Euskal Herriko interesak defendatuko duenetz, eta gogoratu zuen litekeena dela ERC-rena izatea bere ordezkari bakarra. Iniziatiba Internazionalistari buruz, ordea, susmagarri jo zuen hautagaitza azkenean legala izatea eta PSOEri zein II-HEri deitu zien horren gaineko azalpenak emateko. Ildo horretan, "inoiz baino gehiago" EAJri botoa emateko eskatu zuen.