Horrela, EAJren Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontuak "udalerako ekipamendu berrietarako inbertsioa eta gastu soziala lehenetsi ditu krisi garai honetan", tokiko agintariek nabarmendu dutenez. Jelkideen hitzetan, "helburua, instituzioak ekonomiaren eragile bihurtzea da, zailtasun sasoi honetan. Hori guztia, Diruzaintzak duen soberakinari esker eraman daiteke aurrera, aurreko urteetan eramandako kudeaketari esker. Izan ere, aurreko urteetan kudeaketa lehenetsi da gastuaren ordez. Alderdi ekonomikoan oinarri sendoak izan dituen erakundeak zorretarako gaitasun handiagoa du aurrekontu hauetan".
Udaltzain gehiago
Bestalde, aurrekontuak beste bi egitasmo "garrantzitsu" aurreikusten ditu: alde batetik, herritarrentzako harrera zerbitzua hobetzea, beharrezkoak diren azpiegiturak eta instalazioak abian jarriz. "Azpiegitura eta instalazio horiek herritarrek izapideak era hurbilago eta eraginkorrago batean egitea ahalbidetuko dute", udal iturrien arabera. Bestalde, Udaltzaingoaren lantaldea zehaztu egin dute, eguneko 24 orduko lan ordutegia bete dezaten, urteko 365 egunez. Horregatik, administrazioko 5 langile eta Udaltzaingoko 13 agente berri hartuko dituzte. Gainera, egitasmo hori, EAJren Gobernu Taldeak eta gainontzeko alderdi politikoek "beharrezkotzat" jo dute, udal arduradunek zehaztu dutenez. Hori dela eta, jelkideek "esker ona" helarazi diete gainontzeko alderdiei, "egitasmoak jaso duen babesagatik".