Sopelako aurrekontua "irreala" da oposizioarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko eka. 2a, 16:47

Pasa den ostegunean EAJ eta PSE-EEren botoekin onarturiko 22.072.423 euroko udal aurrekontua ez dute gogoko Sopelako beste alderdiek. Hitz gogorrenak erabili dituztenak ezetza eman zuten ezker abertzalearen eta PPren zinegotziak dira. Berdeak, EA eta Ezker Batuak, berriz, abstentzioa erabili zuten bere ezinegona adierazteko. Guillermo Vio hautetsi independentistak "paper batean edozer idatz daitekeela" salatu zuen. Izan ere, aurrekontuekin batera Imanol Garai alkateak aurkeztutako memorian dauden 146 puntuetatik 121 "iazko berberak" direla nabarmendu zuen Viok: "2008an agindutako gauzak ez dira gauzatu". Besteak beste, bidegorria, Larrabasterrako udal bulegoa, Larrabasterrako kultur etxea, euskarazko errotulazioa, gaztelekua, alokairua gazteentzako edota Udaltzaingoa bezalako gaiak aipatu zituen. "Batzuk aurten berriro jarri dituzte aurrekontuetan eta beste batzuez ez dakigu ezer". Gainera, iaz ere, Udal Gobernuak gai batzuekin aurreikuspenik gabe lan egin zuela salatu zuen ezker abertzaleak. Horrela jo zuen pasa den azaroan musika eskola eta kultur etxea ezarri izana eta baita presoen senideentzako laguntzak hilabete horretara arte berandutu izana. Argazkian, Berta Rodriguez PPren zinegotzia.

Izan ere, aipatu laguntzak eta martxan dagoen haur eskola dira iaz aurrekontuak onartzeko hautetsi independentisten aldarrikapenen artean Imanol Garaik bete dituen bakarrak. Hori dela eta, alkateari "kreditu" gehiago ez ziotela emango azaldu zuten. Izan ere, 2007koarekin konparatuz, iazko aurrekontuan "aldaketa handia" zegoelako babestu zuten, baina 2009korako "ez dugu krediturik emango". Gainera, aurrekontuen aurkako oposizioa udaletxean zein kalean egingo zutela azaldu zuen Viok.

Kritikak kritika, baina, Sopelako Udaleko Enpresa Batzordearekin lan taldeari buruz Udalak lorturiko akordioa errespetatzeko eta defendatzeko hitza eman zuen ezker abertzaleak, eztabaida politikotik kenduz. Horretan, dena den, bi salbuespen aurkeztu zituzten: kontu-hartzailea, "oposaketaren bidez aukeratu behar den lanpostua dena" eta Sopelako udaltzainburua: "ez dugu onartuko zerbitzu-eginkizunetan dabilen ertzain bat izatea".

Mandatarien soldatak jaistea eskatu du Ezker Batuak

Ezker Batua Berdeak - Aralar udal taldeak 2009rako kontuekin ere ez da fidatzen. Izan ere, ostegunean argi gelditu zen 2008ko aurrekontua gogokoa izanik ere, iruzurraren biktima sentitzen dela taldea. "2008koa inoiz Sopelan egon den aurrekonturik aurrerakoiena izan zen eta oposizio txikiena izan zuena ere izan zen. Sopela aldatuko zuelakoan geunden baina gure taldeak defendatu zuen proiektu guztietatik ia bat bera ere ez da aurrera eraman", salatu zuten EBren ordezkariek.

Bestalde, 2009ko kontuei buruz, EBk kritikatu zuen gastua haztea eta, beraz, proiektuak murriztea. Nabarmendu zutenez, diru sarrerak bi multzotan txikitu dira nagusiki. Alde batetik, eraikuntzari lotutakoetan eta beste aldetik Udalkutxaren transferentzia. Horren pisua aurrekontuaren %45etik %33ra jaitsi da eta hori krisialdiagatik ez ezik "Foru Aldundiaren politika neoliberalei esker" gertatu dela salatu zuten.

Parte hartze eskasa ere leporatu zioten Ezker Batukoek alkateari eta 2010era begira parte hartze handiago bilatzea eskatu zuten. Azkenik, EBko kideek gogoratu zuten 2008ko aurrekontuaren %75a baino ez dela gastatu eta hortaz, aurtengo kontuak errealak izate aldera gastuak diru sarreretara lotzea eskatu zuten "eta ez aldrebes, Sopelan egiten den bezala, diruzaintzaren soberakinarekin jolastuz". Ildo horretan, proposamen zehatza mahai gaineratu zuten, administrazioko buruzagien soldatak izoztea eta zinegotzien, udal taldeen eta bestelako soldata eta dietak jaistea.

"Auzokide bakoitzak 710 euro jarri beharko ditu"

Guillermo Viorekin batera, oposizio gogorrena egin zuena Berta Rodriguez popularra izan zen. PPren ordezkariaren arabera, aurrekontua "zehaztasun eskasaz" idatzita dago. Hasierako zirriborrotik azken testuraino, gainera, oso tarte luzea dagoela aipatu zuen Rodriguezek. "Seriotasun gutxikoa" ere iritzi zion udal aurrekontuari: "gehitu eta kendu koadratzeko baino ez dela egiten ematen du". Horren adibidetzat jarri zuen krisialdi garai honetan Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (O.H.Z.) %40 haziko zela jarritako aurreikuspena. "Ez da erreala. Gauza asko dira fikziozkoak. Diru sarreren %30 ez dira errealak". Baina, udal kutxan sartuko ez diren diru sarreren helburua ere finkatu zuen Berta Rodriguezek: "egingo ez diren proiektuentzako babesa" dira.

Are gehiago, zinegotzi popularrak zenbakiak eta aurpegiak jarri zizkion aurrekontuaren desorekari: "Sopelako auzokide bakoitzak egingo ez diren inbertsioetarako 710 euro jarri beharko du", iragarri zuen. Izan ere, gogoratu zuenez, iaz egin behar ziren "dozena bat proiektu baino gehiago aurtengo aurrekontuan ageri dira berriro ere". Azkenik, Rodriguezek salatu zuen Udalhitz akordioa dela eta, udal langileriaren gastua %10 igo dela

EA, 2010era begira

Leire Pinedo Eusko Alkartasunaren zinegotziak aurrekontua maiatzean aurkeztea gaitzetsi zuen eta 2010ekoa "abendua baino lehen" ekartzea eskatu zion Udal Gobernuari. Bestalde, pozik agertu zen EAk proposatutako hainbat aldaketa udal kontuetan sartu direlako. Horrela, ordezkaritza gastuak edota informazio eta publizitate partidak %80raino murriztu izanak poztu zuen Pinedo. Era berean, ontzat jo zuen aurten inbertsio gutxiago agertzea, guztiak egiteko ahalmena ez dagoelakoan, eta Gazteria, Emakumea eta Gizarte Gaietara diru gehiago bideratzea. Aldiz, Udalhitzeko akordioa eta Agenda XXI egitasmoa baztertuta egotearen aurka azaldu zen Pinedo.

"Eraginkortasun gutxikoa" da aurrekontua Berdeen ustez

Azkenik, aurrekontuak egiteko "akordioetarako heltzeko borondaterik ez" dela izan nabarmendu zuen Juantxo Dominguez Berdeen ordezkariak. Bere ustez, "aurrekontuak borondate handiarekin baina eraginkortasun gutxirekin" egin dira eta pozteko gai bakarra ematen dute: "lan taldeari buruz Udalak eta sindikatuek akordio batera heldu izana bi urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun