Lehenengo egunean, Belceblues talde gipuzkoarra giroa berotzeaz arduratuko da eta "Infer" bere lehenengo diskoaren kantak aurkeztuko ditu Itzubaltzetan. Horien ostean, Lonnie Brooks gitarra joleari iritsiko zaio txanda, bluesaren eszenatokiko beteranoa dena eta eszenatokien gainean berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea duena. Voodoo Blues estiloaren adierazgarri da, estilo horretan Chicagoko, Mississippiko eta rhythm&bluesaren osagaiak elkartzen direlarik. Brooks-ek bere ibilbidean zehar ahots paregabea, gitarra teknika sarkorra eta konpositore gisa aldakortasun izugarria duela erakutsi du. Bere lan onenen artean nabarmentzekoak dira "Bayou Lightning" (1979) eta "Turn On the Night" (1983).
Hurrengo egunean, ekainak 13, larunbatean, Mike Hammer & The Taxi Driversen eskutik abiatuko da bluesa. Laukote bizkaitarra 2004an sortu zen eta zenbait estilo jotzeko gai da: soulean hasita, rockeraino, funkya ahaztu gabe. Bigarren saioan estilo anitzeko artisten konboa jardungo da: E.C. Scott abeslaria; Henry Butler eskarmentu handiko piano-jole eta abeslaria, bluesa, rhythm&bluesa eta jazza lantzen dituena; eta Kenny Neal gitarra-jolea. Halaber, horiekin The Koko Taylor's Band ariko da, Koko Taylor abeslaria handiarekin jarduten den taldea, hain zuzen ere. Hala ere, Koko Taylor ezin izango da gurera etorri, bere saioa aurretik programatuta egon arren, osasun arazoak dituelako.
Jaialdiko azken kontzertua Johnny Mars harmonika joleak emango du. XXI. mendean, esperimentatuz eta erregistro berriak bilatuz, harmonika sendotzen jarraitzen duen musikari aparta da. Haren estiloa blues harmonika jole gehienak erabiltzen duten ohikoa ez bezalakoa da. Konpositore gisa sentimenduak esploratzen ditu eta bere ingurura begiratzen daki munduan gertatzen den guztia adierazteko. Gainera, ahots izugarria, karisma eta eszenatokian presentzia dauzka. Haren errepertorioan berak egindako abestiak eta entzuleek ikaragarri atsegin dituzten Blues kantutegi ezaguneneko beste batzuk daude eta bere emanaldiak beti jai dibertigarri eta parte hartzaile bilakatzen ditu.
Ekainaren 12tik 14ra bitartean, Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiaren 21. ekitaldia izango da. Aurten estilo anitzeko artista eta taldeak arituko dira Getxo&Blues musikaldian. Horien artean, Lonnie Mars, Henry Buttler, Kenny Neal, E.C. Scott eta The Koko Taylor's Band artistek eta taldeek osatzen dute aurtengo egitaraua. Hala ere, azken banda horretako izar Koko Taylor abeslari handia ez da jaialdian izango, "oraintsu jakin baitugu ospitale batean dagoela gaixorik", udal arduradun getxoztarrek adierazi dutenez. Kontzertuak Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan izango dira, 21:30ean, azken eguneko saioa izan ezik, ordu bete lehenago hasiko da eta. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da. Jaialdiaren nondik norakoak aurkezteko egindako prentsaurrekoan Imanol Landa alkatea eta Iñaki Elorriaga kultur etxeko zuzendaria izan dira. Argazkian, Koko Taylor /