Irailean itxiko dituen Udondoko lantegien lan karga Portugalera bideratuko du Dow Chemical nazioarteko kimika enpresak. Izan ere, Peter Whitmore Dow Chemicalen estirenorako negozio zuzendariak horrela
aitortu dio "Plastics & Rubber Weekly" komunikabide espezializatu ingelesari. Behin Leioa eta Erandio artean dagoen lan zentroa itxita, bertan orain arte ekoizten den styrofoam produktua Portugalgo Estarreja lantokian sortuko dute, Whitmoreren esanetan. Poliestirenoari dagokionez, berriz, enpresak ekoizpena murriztuko du lantegi guztietan. Pasa den astean zabaldu zuen Dow Chemical-ek 46 behargin dituen Udondoko lan zentroaren ateak itxiko dituela. Enpresak erabaki horren "gizarte eragina gutxitzeko" asmoa agertu eta sindikatuei "lan taldearentzako ahal den irtenbiderik hoberena" eskainiko diela esan zuen. Besteak beste, langileak aurrez jubilatzea edo Tarragonako (Herrialde Katalanak) zentrora lekuz aldatzea proposatu zuten. "Irtenbide horietarako aukera ez dutenentzat, legeriak agintzen duena baino kalte-ordain handiagoak" eta beste lanposturen bat topatzeko laguntzak eskainiko dituztela ere esan zuten. Argazkian, pasa den maiatzaren 21ean "euren krisia euren kontura" lelopean egindako greba orokorreko esku-orri bat Leioan.