Kantu afaria antolatu du ekainaren 13rako Sopelako Aitxu!-k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko eka. 3a, 17:45
Aitxu! Sopelako euskara elkarteak gogoz ekin dio ikasturte amaierari eta mingainak euskaraz mugitzeko kantaldia eta kanta afaria antolatu ditu ekainaren 13rako, larunbata. Egun horretan, "Euskarak batzen gaitu" lelopean, animatzen diren euskaltzale guztiek kantaldia egingo dute Lamiak eta Ertza tabernen artean, Taberna Ibiltaria musika taldeak lagunduta. Hitzordua 19:30ean jarri dute. Bertan, gainera, kantu-liburuxkak banatuko dituzte. Ondoren, iluntzeko 9ak aldera, afari legea egingo dute frontoian, paella, txahalkiak, tarta, kafe eta kopa ezinbestean dastatu beharrezkoak izango direla. Sabela sano beteta eta zintzurra bustita, afalostekoari emango diote hasiera, herri kantak abesteari, alegia. Kantuketan, baina, gonbidatu bereziak izango dira, Sopelako hainbat elkarteren ordezkariek hartu baitute parte ekimenean. Herri afarirako txartelak honako lekuetan eros daitezke, 20 eurotan: Ander Deuna ikastolako idazkaritza, Laubide margo denda, udaletxea, taberna alemana eta Larrabasterrako Yako denda. Argazkian, iazko kantaldia / Aitxu!.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun