Sari banaketak egitarau potoloa izango du. Ekitaldiari hasiera emateko, Leioako Udal Musika Eskolako piano-jole eta soprano batek eskainiko dute emanaldia. Ostean, bideo bat proiektatuko dute, udalerrian egindako berdintasun arloko hainbat ekintza laburbilduz. Amaitzerakoan, saria emango zaio irabazteari eta Leioan lanean diren emakume elkarteei ere omenaldia eskainiko zaie. Azken ekintza bezala, umorezko emanaldi sorpresa eskainiko da. Horretaz gain, luncha izango dute gonbidatuek. Horien artean izango dira, besteak beste, hirugarren sektoreko agenteak, berdintasun arlokoak, garapenerako lankidetzakoak, nagusien etxeetako ordezkariak, kirol taldeak, emakume taldeak, EHUko ordezkariak, hezkuntza arlokoak, Udal Musika Eskolakoak...
Erantzun ona
Epaimahaia zazpi pertsonez osatuta egon da: Kultura eta Gizarte Ekintzako zinegotziak, pintura eta eskulanetan aditua, diseinu grafikoan aditua, Berdintasun aholkularia, Udal Berdintasun saileko teknikaria, eta Andrak emakumeen elkarteko kide bat. Erabakia aho batez hartu zen eta, epaimahaikide guztiek adierazi bezala, oso erantzun ona jaso izan du lehiaketak; 89 lan aurkeztu dituztelako 43 pertsonek. Lan horien jatorria ere anitza da, gehienak leioaztar eta getxoztarrak izateaz kanpo, Gipuzkoatik edota Toledotik ere jaso izan baitira lanak.