Zugarramurdiko Udalak, Sorginen Museoak eta Akelarre Elkarteak antolatuta, herri nafarrak Sorginaren Egunaren bigarren edizioa biziko du ekainaren 20an. Egunean zehar jarduera ugari egingo dira herriko kaleetan, museoko auditorioan eta kobazuloetan. Besteak beste, Sorginkeria eta Erdi Aroko Feria egingo da 11:00etatik 19:30era bitartean, saltoki eta kontsulta postuekin. Eguerdian, Sylvie Imberdisek “Astrologia eta sorginkeria” hitzaldia eskainiko du, frantsesez, Sorginen Museoko auditorioan. Akrobazia eta malabarismo jolasekin amaituko da goizeko jardunaldia.
Hitzaldiak, ipuin kontaketa euskaraz, akelarrea...
Arratsaldean, berriz, "XVI-XVII mendeetako emakumea" hitzaldia eskainiko du, 16:00etan, Jose Antonio Azpiazuk. Jarraian, partaideek kobazuloetara bisita egiteko aukera edukiko dute. Bertan euskarazko ipuin kontaketa egingo da. 20:30ean akelarrearen txanda iritsiko da, herriko antzerki taldearen eskutik, eta Tusuri taldeak festari amaiera emateko ikuskizuna eskainiko du.