“Norabide guztiak” izenburuko dokumentalak irabazi du Wanted lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko eka. 4a, 01:39
Gazteak eta kulturartekosunari buruzko “Norabide guztiak” izenburuko dokumentalak irabazi du Getxoko Udalaren Gazteria Arloak deitutako “Wanted” ideien lehiaketa. 13 proiektu aurkeztu dira aurten eta hori izan da guztien artean hautatua. Bigarren saria “Decoracion urbana audiovisual” ekimenarentzat izan da eta hirugarrena “Giza Art” proposamenarentzat. Koldo Iturbe zinegotziak (mp3) deialdiaren arrakasta azpimarratu du, “aurkeztu diren proiektuen kopuruagaitik eta euren kalitateagaitik. Halaber, oraingo honetan, aukeratutako gazteek euren proiektuak hobetzeko aholkularitza profesionala izan dutela zehaztu du, baita parte hartzaileek "aukera hori oso ondo baloratu" dutela ere. Argazkian, saritutako lanen egileetako batzuk, Koldo Iturbe zinegotzia eta Unai Amezaga Gazteria teknikariarekin.
Koldo Iturbe Gazteria zinegotziak adierazitakoaren arabera, Getxoko Udalaren Gobernu Taldearen "helburu estrategikoenetakoa" da umeei eta gazteriari zuzendutako politika bereziak bultzatzea eta garatzea, baita elkartuta ez dauden gazteen ekimenak sustatzea ere. “Izan ere, Wanted lehiaketa gazteen parte hartzea eta euren sormen gaitasuna sustatzeko beharraren aurrean sortu zen, gazteek beraiek proposatuta”, gaineratu duenez.

“Norabide guztiak”

Leire Muñozek, Patricia Andresek eta Cristian Villavicenciok egindako dokumentala da. Atzerrian jaiotako gazte getxoztarren bizipenak erakusteko dokumentalaren proposamenak “Wanted” izeneko lehiaketaren lehenengo saria jaso du, 4.500 eurokoa. Villavicenciok azaldu duenez, “dokumentalak giza hausnarketarako formatua izango du. Immigrazioaren lehenengo uholdean, orain dela hamar bat urte, heldu ziren gaur egungo 15 eta 18 urte arteko gazteen bilakaera eta adaptazioa erakutsi nahi dugu”. Dokumentazio lana hasi dute jada. Hilabete barru filmatzen hastea espero dute eta urtearen amaierarako dokumentala bukatuta izatea.

“Decoracion urbana audiovisual”

Bigarren saria “Decoracion urbana audiovisual” izeneko proposamenarentzat izan da. Adriana eta Paula Garciak, Angela eta Amaia Gomezek, eta Cecilia Contrerasek egindakoa da. 1.960 euro jasoko dute pertsonen eta ikus-entzunezkoen arteko harremanak sustatzea proposatzeko. “Getxon, Skype programaren bitartez, eskala handiko bideokonferentzia sortu nahi dugu. Abenduaren 18an, Etorkinen Egunean, Algortako San Nikolas plazan egitea gustatuko litzaiguke. Bertara joango diren pertsonek, munduko beste herrialde batera dei bat egiteko aukera izango dute eta hori pantaila handi batean, eskala handian, eta Getxo atzean ikusten dela, proiektatuko da”.

“Giza Art”

Hirugarren saria “Giza Art” ekimenarentzat izan da, arte birtualaren galeria baten proiektua, bertoko artista gazteek beren lanak ezagutzera ematera lagunduko duena. Joana Beasainek, Naroa Azurmendik eta Asis Aranzibiak egin dute proiektua eta 1.540 euro jasoko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun