Asteko programari dagokionez, udalerriko ikastetxetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat, idazlan txapelketa antolatu dute eta “Getxoko ura. Uraren garrantzia eta bere erabilera arduratsua” izango du gaia. Argazki digitaleko lehiaketa ere egingo da “Ura Getxon” gaiaren inguruan, herritar guztiei zuzenduta. Gerora, lehiakideen argazkiekin erakusketa antolatuko da. Bi lehiaketetarako lanak emateko epea ekainaren 30ra arte egongo da zabalik. Sariak izango dira bi lehiaketetako irabazleentzat (kamera digitalak, biziklelak, bertoko jatetxetan afariak...).
Bestalde, ekainaren 6an, larunbata, ibilaldi gidatua egingo dute Azkorriko hareatzatik eta, hurrengo egunean (hilak 7), txoriei eraztuna nola jartzen dieten ikusi ahal izango da Bolueko hezegunean, urari lotuta dauden bi ekosistema direla. Aste Berde osoan zehar “El sueño del agua” izenburuko dokumentala eskainiko dute, Algortako Villamonteko kultur etxean bai bigarren hezkuntzako ikasleentzat (goizeko ordutegian, 10:00-12:00), bai gainontzeko herritarrentzat (azken hauentzat ekainaren 10ean, asteazkena, 19:00etan).
Ur aurrezkailuak
Azkenik, hilaren 9 eta 10ean, 11:00tik 14:00ak arte, txorrotan jartzeko 2.000 ur aurrezkailu banatuko dituzte Algorta Telletxe eta Areetako Xake plazetan, hurrenez hurren. Ingurumen Arloko zinegotzi Keltse Eigurenek azaldu duenez, “gailu hauek, iturrietan ipinita, erabiltzen dugun uraren %50 aurreztea ahalbidetzen dute”. Horiekin batera, orri informatiboa banatuko dute ura erabiltzeko aholku errazak emanez, hala nola, bainua erabili beharrean dutxa hartzea, edo zisterna barruan bi botila beteak ipintzea hura erabiltzen dugun bakoitzean 2-4 litro aurrezteko.