"Uneotan, asteburuko ordu tarte guztietan zerbitzua ematen duen metro bakarra gara Estatuan", nabarmendu dute Metro Bilbao garraio enpresako arduradunek. 2008an soilik, 73 egunetan eskaini zuen 24 orduko zerbitzua. Gaueko zerbitzua ekaineko eta iraileko ostiraletara 2007an hedatu zen, metropoliko garraio eskari handia zenbatu zelako, batez ere Leioako San Juan eta Sopelako San Pedro jaiek, BBK Live festibalak, eta milaka ikasleren oporraldiak hasteak eraginda. 2008ko ekaineko ostiraletan zenbatu ziren bidaiak udako osoko batez bestekoa baino % 25 gehiago izan ziren, gaueko zerbitzu hori 21.222 bezerok erabili zuten eta.
Zerbitzua ostiral gauetara luzatuko da, goizaldeko ordu bietatik 6:00etara 32 tren gehiago sartuko direlako. Horrela asteburuko ordu tarte guztietan egongo da zerbitzua, hots, ostiralean goizeko seietan hasi eta igande gauera arte, etengabe. Trenek neguko edozein ostiraletan baino mila kilometro gehiago ibiliko dituzte gau horietan.
Larunbatean bezala
Ekainaren 5etik aurrera, ekain, uztail, abuztu eta iraileko asteburu eta jai bezperetako gau guztietan, hamabost minuturo ibiliko dira trenak Etxebarri eta San Inazio arteko zatian, enborrean, eta ordu erdiro Portugaleteraino eta Plentziaraino (1. linea), bi norabideetan.
Oro har, ordutegi berriak uda heltzearen eta hiri trenaren erabilera etengabe gehitzearen ondorioz ipintzen dira. Metroak zeharkatzen dituen herri eta auzoetan aisialdia eta herrietako jaiak ugaltzea erabakigarria izan da gaueko zerbitzu etengabea luzatzeko. Metroan egin diren luzapenek ere, adibidez, laster Santurtziraino heltzeak, eragina izan dute zerbitzua areagotzeko orduan. Hobekuntza horrekin, Metro Bilbaok gainean ditugun hainbat ekitaldi eta gertakaritarako, besteak bestek, ekainaren erdialdean Kobetasonik musika kontzertuetarako edo herrietako jaietarako joan-etorriak aseko ditu.