Imanol Landa alkate getxoztarraren hitzetan (mp3), “hitzarmen berria sinatzea beste urrats bat ematea da; oso pozgarria eta garrantzitsua da guretzat, gure altxorra den azpieuskalkiaren ondarea sustatzeko lanak egiten segitzea ekarriko baitu”. Kalitate handia duen lan hori beharrezkotzat jo du udal agintariak, “gure euskalkia gero eta jende gutxiagok hitz egiten duenez lan egin behar baita ez galtzeko eta mantendu ahal izateko”.
Helburu didaktikoa
“Ondare etnolinguistikoa jaso eta zabaltzeko urte askotako proiektu baten pausu bat da hitzarmena, hain zuzen ere, aspalditik egiten ari den lanaren jarraipena eta baita hemendik aurrera egin beharreko lan ugariren abiapuntua ere", Landak nabarmendu duenez. Juan Olea Urdulizko alkate eta Uribe Kostako Mankomunitateko presidenteak (mp3), berriz, oso garrantzitsutzat jo du egiten ari den lana eskoletan zabaltzea. Gaineratu duenez, “bien arteko kolaborazioa luzea izatea espero dut, eginbehar hauek beharrezkoak baitira, egungo umeek euskara jakin arren gutxi erabiltzen dutelako".