Minbizia daukaten umeentzako dirua batuko du Kosta Trail lasterketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko eka. 5a, 11:52
Ekainaren 14an, igandea, egingo dute laugarren urtez Forum Sport Kosta Trail lasterketa, Uribe Kostako itsaslabarretan barrena. Eskualdekoa, itsaso mailako mendi proba bakarra da, antolatzaileek zehaztu dutenez. Korrikaldiak hiru kategoria ditu: mendi lasterketa (30 kilometro), mendi ibilaldia (20 kilometro) eta ibilaldi familiarra (12 kilometro). Edozein kategoriatan esku hartzeko, aurretik eman behar da izena, Forum Sport dendetan edo www.forumsport.com webgunean. Mendi lasterketarako izena emateko epea, ekainaren 7an amaituko da eta 15 euro ordaindu beharko dituzte federatutakoek eta 20 euro gainontzekoek. Gehienez, 400 partaide izango ditu proba horrek. Ibilaldi familiarrarentzat eta mendi ibilaldiarentzat, berriz, epea ekainaren 13ra arte luzatuko da eta 4 euro ordaindu beharko dute oinezkoek. Biltzen duten diru guztia Aspanovas Fundazioarentzat izango da, minbizia duten haurrak dituzten Bizkaiko gurasoen fundazioa, alegia. Argazkian, lasterkarietako bat Galeatik.
Mendi lasterketaren hasiera goizeko 9:30ean izango da, Bizkaia Zubiko gabarran. Itsasadarra igaro ostean, partaideek Getxo, Sopela, Barrika, Plentzia eta Gorliz zeharkatuko dituzte. Bestalde, mendi ibilaldiaren eta ibilaldi familiarraren irteera goizeko bederatzietan egingo dute, Sopelako udaletxeko plazan. Mendi lasterketan esku hartzen duten lagunek Aizkorri (Getxo) eta Barinatxe (Sopelana) hondartzetara jaitsi beharko dute eta Gorlizko Ermuamendi (292 metro) tontorrera igo.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun