Gaur abiatuta eta hilaren 11ra arte izango dira Erandioko Fano auzoko jaiak. Urtero legez, San Bernabe omentzeko aitzakiaren pean hamaika ekimen burutuko dituzte. Hala nola, gaur 19:00etan txapligu jaurtiketa izango da, jaiak ofizialki zabaltzeko. Bi ordu beranduago, 21:00etan, tortilla txapelketa abiatuko dute eta 22:30ean erromeriaren txanda izango da. Bihar, larunbata, berriz, 12:30ean kale animazioa izango da auzoan zehar, herri kantaldia, bertako musika tresnak, gaztelu puzgarriak, haur jolasak eta pailazoak aukeran egongo direla. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, paella erraldoia dela medio. Bazkalosteko luze baten ondoren, 21:00etan, txitxiburduntziaz gozatu ahal izango da. Indarrak hartuta, gaua irekiko da 23:00etako erromeriari esker. Etzi, igandea, kalejira burutuko dute 12:30ean, ordu erdi beranduago dantza alardea ikusteko. 18:00etan, berriz, Josu Arteagoitiaren bi idiren eta Txomin Ibarraren pare bat astoren arteko dema ikusgarria izango da. Argazkian, Fano auzoko baseliza / © Erandioko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!