Diseinu lehiaketan, Bartzelonako Sozo Disseny metal-tailerrak irabazi du lehenengo saria, metalez eginiko biolinaz baliatuz. Bigarren saria Larrukin tailer getxoztarrak eskuratu du larruzko xake bati esker. Stand lehiaketari dagokionez, Culleredoko (A Coruña, Galizia) C. Canouras Encajes ehungintza tailerra atera da irabazle eta, bigarren saria, Martorelleko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Geppeto Lobo papera eta alanbre tailerrak eskuratu du.
Hainbat espezialitate
Aurtengo azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Halaber, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere, azokan ikusgai egongo dira-eta. Guztira, 28 izango dira ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea ere izango da, Ibaiondo kalean, hain zuzen ere, eta bertan 14 salerosle egongo dira.
Salmenta-guneaz gain, aurten erakustaldiak egiteko gunea ere egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, lau eskulangile jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Aurten, Toledoko Fatima Carrasco eskulangileak eskuz eta goruz eginiko irutearen teknikak erakutsiko ditu. Bestalde, Belen Alonso eskultore asturiarrak harri-zizelkatze tekniken erakustaldia egingo du. Azenik, Jose Ramon Aguirre kandela-egile bilbotarrak argizaria nola lantzen den azaldu eta erakutsiko du. Gainera, azken eskulangile horren eskutik, gaztetxoenek kandelagintza ezagutu ahal izango dute, haurrentzako tailerra egongo da eta.