Getxoko Gobernu Batzordeak oniritzia eman berri dio Algortako Biotz Alai plazako ingurua estaltzeari. Egun, zutabedun eta estalperik gabeko pergola batek inguratzen du eremua. Gaur goizean Imanol Landa alkateak aurkeztutako proiektuan jasotzen denez, plazako ingurua estaliko dute, horretarako markesina jarriz. “Hartara, inguruko auzotarrek esparru publiko hau erabili ahal izango dute batzarretarako edo elkartzeko leku legez, bai udaldian, gerizpea emango duelako, bai neguan, euriarentzat aterpea izango delako”,
esan du udal agintariak (mp3). Bestalde, hormei atxikitako eserlekuak, jardinerak eta erdian dagoen harrizko eskultura kendu egingo dituzte. Plazako zoladura oso egoera onean dago eta horregatik bere horretan utziko dute. Pergola berriak, 4 metroko sakonera izango du. Plazak neurtzen dituen 2.118 metro koadrotatik 565 beteko ditu. Horretaz gain, kontsumo txikiko argiak izango ditu eta 156 metro luzeko eserleku berria ipiniko dute. Lanak datorren irailaren amaieran hasiko dira eta hauek amaitzeko epea 4 hilabetekoa izango da. Aurrekontua 442.000 eurokoa da. Alkateak aurreratu duenez, plaza itxi egingo dute gauez, "auzotarrak ez gogaitzeko". Argazkian, Biotz Alai plazan bertan, aterki azpian amaitu dute prentsaurrekoa Imanol Landa alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.