Bihar hasiko dira Kurkudiren urteurrena ospatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko eka. 5a, 20:56
Dagoeneko 25 urte dira Kurkudi Leioako herriko taberna berria zabaldu zutela. "Lan eta ahalegin handiaren ondorioa izan zen, baina argi dago merezi izan zuela. Herrikoa denontzat, toki arrunta baino gehiago izan da, eta izango da. Bertan lan egin, hazi eta hezi gara, baina baita harremanak egin, jolastu eta ondo pasatu dugu ere", bertokoek aipatu dutenez. Beraz, urteurrenerako, aipatutako alderdi guztiak hartzen dituzten zenbait ekitaldi izango dira. Batzuk atsedenerako, beste batzuk informatzeko eta baita hausnartzeko ere. Gauzak horrela, larunbat honetan bertan emango diete hasiera ospakizunei. Arratsaldeko zortzietatik aurrera, Iñaki Urrutiak eskainitako poesia emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da bihar. Horretaz gain, “25. urteurrena” pintxoaren aurkezpena egingo dute. Hilaren 12an eta 14an ere hainbat ekitaldi izango dira. Hala ere, egun handia 21ean, igandearekin, ospatuko dute; musika, ekitaldia, sorpresak, herri bazkaria eta antzerkia izango direla. Bitartean, 25 urte hauetako argazkiak, bideoak eta abar biltzen hasi dira. Horiek emateko kurkudibuletina[abildua]leioatik.org e-posta helbidera bidali edo Kurkudira joatea besterik ez dago. Argazkian, Espainiako Auzitegi Gorenak aginduta, Kurkudi miatu zuen 2006ko urriaren 25ean Ertzaintzak.
Egitaraua:

Ekainak 6, larunbata

20:00 Iñaki Urrutiaren poesia emanaldia. “25. urteurrena” pintxoaren aurkezpena.

Ekainak 12, ostirala

21:30 “Doktortxou”, musika eta humorea eskutik helduta.

Ekainak 14, igandea

10:00 Hain gazteak ez direnek Kurkudiko kanpo paretetan mural polit bat margotuko dute.
12:00 Umeen jaia: jolasak, musika, tailerrak…
13:00 “Gazapoen istorioak”, Tenderete txotxongilo taldearen eskutik.

Ekainak 21, igandea

25. urteurrenaren ospakizun nagusia izango da.

12:00 Musika, ekitaldia, sorpresak…
14:30 Herri bazkaria (eman izena lehen bait lehen Kurkudin).
17:00 Antzerkia: “Adur Taldea, adaptable a todo espacio o situacion”.

Eta hilabetean zehar pintxo berezia, kamisetak, erakusketa…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun