Itzubaltzeta / Romoko Romo eskolan, beste hautes-zentroetan bezala, agerikoak dira segurtasun neurriak. Baina, hautesleku guztien aurrean Udaltzaingoa edota Ertzaintzaren patruilak badaude, Romo ikastetxean, eskola barruan bertan gela bat jarri diete euskal poliziei, "Ertzaintza" jartzen duen eskuz eginiko errotulua atean jarrita. Bestalde, Getxoko Udalak eta Hauteskunde Batzordeak Santa Eugeniako ohiko hautes-zentroa kendu izanak agure eta atso asko nahasi ditu gaur goizean. Izan ere, edadetuen betiko bozkalekuan inork ez die aldaketaren berri eman eta atea itxita baino ez dute aurkitu. Ezezagunen edota senideen bidez orientatu behar izan dira, Romo ikastetxera abiatzeko. Horretaz gain, eskualdean alderdien parte hartzea txikia izaten ari da. EAJ eta II-HEko kideak mahai gehienetan daude, azken horiek Jon Anza desagertuaren argazkia paparrean daramatela. PSE-EE eta PPren kide batzuk ere badaude, baina salbuespen bakanen bat kenduta beste alderdi guztiak ez dira oraingoz ageri. Argazkian, artxiboko irudi bat.