Uribe Kostan eta Erandion oraingoz jazoera garrantzitsurik iragarri ez bada ere, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan hainbat izan dira nabarmentzeko gertaerak. Gauzak horrela, Patxi Lopez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari Bilbon bozkatu ostean Jon Anza euskal militante desagertua non dagoen galdetu diote Iniziatiba Internazionalistako ahaldun eta zaleek . "Zuk jakingo duzu" erantzun dio lehendakariak "non dago Jon?" galdetu dionari. Elkarrizketaren ostean, Lopezek prentsaren aurrean hitz egin du, parte hartze handia eskatzeko, euskal gizarteak "hauteskunde hauetan jokoan dagoena ulertzen" duela erakusteko. Era berean, "zuzenean eragiten gaituzten gero eta gauza gehiago Bruselaseko eta Estrasburgoko legebiltzarrean erabakitzen" direla gogoratu du Portugaletekoak. Izaskun Bilbao EAJren hautagaiak ere "Non dago Jon?" zioten kartelen artean bozkatu du. Bermeotarrak PPri eta PSOEri leporatu die abstentzioa eragin izana. Bestalde, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide ezagunak azpimarratu du gaur Euskal Herria osoa batera bozkatzen ari dela eta "gaur zenbatuko gaituzte eta gure buruak zenbatuko ditugu" esan du, "ezkerreko herri abertzaleari pentsatzen duena ozen" esatera animatzeko. Argazkian, Patxi Lopez hauteskunde autonomikoen kanpainan / © PSE-EE.