Emakume bat bortxatu zuten pasa den ostiral goizean Bilboko Santutxu auzoan. Bilboko mugimendu feministak eta Santutxuko Idunak neska gazteen taldeak manifestazioa deitu dute astelehenean 19:00etan Karmelo plazatik eraso hori salatzeko. Protestaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, sexu erasoa ostiralean goizeko 7eak aldera jazo zen, Losada Margolaria kalean. Bertan, lau gizonezkok emakume bat heldu eta haietako bik bortxatu zuten. Dagoeneko, ustezko bi erasotzailek atxilotu dituzte, iturri berberen arabera. Eraso berri horren aurrean, "Erasorik ez erantzunik gabe! antolatu eta borrokatu" lelopean egingo dute martxa. Era berean, mugimendu feministak gogoratu du "kaleak eta gauak geureak" direla. Bitartean, atzo Bilbon bi mila bat emakume eta gizonek hartu zuten parte
haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen aldeko manifestazioan. Argazkian, emakumeen autodefentsara deitzen zuen protesta bat Algortan.