Iniziatiba Internazionalista - Herrien arteko Elkartasuneko (II-HE) kideak eta Batasunekoak "berdinak direla" frogatzeko asmoz, Bizkaiko Hauteskunde Batzordearen aurrean salaketa jarri du gaur goizean Alderdi Popularrak (PP). Horretarako, zerrenda horren ahaldunek Leioako hiru hauteskunde zentroetan Jon Anza euskal militante desagertuaren argazkia eramatea hartu du aitzakiatzat eskumako alderdiak. "Euren hautagaitzaren identifikazio-txartelez gain" Iniziatiba Internazionaleko kideek "soinean kateorratzez eskegita dituzten zuri-beltzezko kartelak" eramaten dituzte, bertan "Jon Anza ETAko kidearen argazkia eta berari buruzko euskarazko testu bat ditzutela", PPk aurkeztu duen salaketak dionez. Gerra zikinaren balizko biktima izan daitekeen ETAko kidearen erretratuak paparrean eramatea Iniziatiba Internazionalista ilegalizatzeko "kotoizko proba" dela esan du Antonio Basagoitik (argazkian). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren presidentearen aburuz, Anzari buruz egindako erreferentziak "terrorismoa goratze delitua" izan litezke. Hori dela eta, "izan daitezkeen erantzukizun penalak argitzeko", gertaera Fiskaltzaren eskuetan uztea eskatu dio Hauteskunde Batzordeari Basagoitik. Era berean, Jon Anzaren erretratua eramaten duten pertsonak identifikatzea eta argazkia kentzea eskatu du popularrak.