Motor, ziklomotor eta bizikleta istripuen eta harrapatzeen kopurua murriztea da 2009. urterako Herrizaingo Saila buru duen Bide Segurtasun Batzordeak ezarritako lehentasunetako bat. Urte osoan zehar zaintza handia egiten duten arren, datorren hamabostaldian agenteek kontrolak areagotuko dituzte, segurtasunari dagokionean egiten diren arau-urraketak antzeman eta zuzentzeko; hala, kaskoaren erabilera, dokumentazioa (baimenak, IAT azterketak, aseguruak) behar bezala eramatea edota mota honetako ibilgailuek sortzen dituzten zaratak kontrolatuko dituzte.
Helburuak
Kanpainaren baitan, ziklomotor eta motorrek beharrezko baimenak, asegurua eta IAT azterketak (3. urtetik aurrera) egunean izatea kontrolatuko dute agenteek; dokumentazio hau ez eramateak salaketa bat jasotzea eta gidabaimena kentzea ekarriko luke.
Halaber, ihes-hodiak kontrolatuko dituzte zaratei buruzko araudian oinarrituta; hala, homologatu gabeko ihes-hodiekin, "ihes askeekin" edota ihes-hodi desegoki edo ez eraginkorrekin doazen ibilgailuak ibilgetuko dituzte.
Bestalde, harrapatzeen inguruan, seinaleztatutako tarteetan (zebra-bideetan eta semaforoa gorri dagoen tokietan) oinezkoei bidea ematen ez dieten gidariak, zein zebra-bidetik kanpo edo semaforo gorria piztuta dagoela bidea zeharkatzen duten oinezkoak salatuko dituzte poliziek.
Azkenik, txirrindulariei dagokienez, kanpainak zenbait puntu azpimarratuko ditu: zirkulazio arauak betetzea, bidegorrien erabilera, paraleloan zirkulatzea bezalako arauak bete behar izatea trafikoaren egoera kontuan hartu gabe (pilaketak... ), Udal Ordenantzak betetzea...
Azken honi dagokionez, martxoan egindako kanpainan Gasteizko Udaltzaingoak ondorioztatu zuen segurtasun baldintza guztiak betetzen zituzten bizikleten kopurua ez zela erdira ere heltzen, eta beharrezko segurtasun arropak ibilgailu hauetako gidarien heren batek solik erabiltzen zituela.
EAEko poliziak eta proiektuan parte hartzen duten Udaletako Udaltzaingoek martxoan egindako kanpainan 1.049 kontrol burutu eta 8.452 gidari kontrolatu zituzten. Horietatik 371 (19 bizikletan zihoazen eta 64 motor-gidariak ziren) salatu zituzten zirkulazio arauren bat haustegatik. Halaber, agenteek 591 txirrindulari eta oinezko ohartarazi zituzten, arauren bat urratzeagatik.