Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen behin-behineko emaitzak baino ez dira atzo
Espainiako Barne Ministerioak zabaldutakoak. Hain zuzen ere, horiek eman zituen UKBERRI.NETek. Aipatu datuak ez dira behin betikoak izango Hauteskunde Batzorde Zentralak alderdiek aurkeztutako aurka-egiteak ebatzi arte. Gainera, posta bidezko botoak zenbatu behar dituzte oraindik. Izan ere, bozketa egun guztian zehar
izandako oztopoez gain, euren botoak erregistratzeko orduan, hainbat udalerritan "irregulartasunak" gertatu zirela salatu du
Iniziatiba Internazionalistak. Besteak beste, Billabona, Mungia, Usurbil, Elgoibar, Eibar, Legazpi, Mendaro, Orereta eta Amezketan nabari izan zituzten "bozka aldatze zeharo susmagarriak" II-HEren ikuskatzaileek. Kasu gehienetan, internazionalisten botoak erregistro aktan alboan zegoen hautagaitzari ematea izan zen "akatsa". Gauzak horrela, orain arte babesik jaso ez duen hainbat udalerritan dozenaka bozka "erdietsi" zituen Democracia Nacional talde ultraeskuindarrak. Horien artean,
Abadiñon 33 boto (%1,38) "lortu" zituen DNk. Bitartean,
Amezketan POSIk "irabazi" zituen atzoko hauteskundeak, 113 boto eskuratuz. Eta datu ofizialen arabera, II-HEk ez zuen bat bera ere lortu (2004an 144 boto zenbatu ziren baliogabetzat). PACMA zezenketen kontrako alderdiak
Sopelan "lortutako" 97 bozka ere "susmagarritzat" jo ditu sare sozialetan Iniziatiba Internazionalistak, nahiz eta aipatu Udala
animalienganako tratu txarren kontra agertu berri den. Espainia mailan, berriz, "are larriagoak" izan dira salatutako irregulartasunak. Argazkian, kale garbitzaile bat hauteskunde kanpainan.