Ertzaintza hiru lagunen bila dabil gazteen lonjetan lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko eka. 8a, 19:47
Ertzaintzak 29 urteko gizonezko bat atzeman zuen Sopelan, maiatzaren 18an, azken hilabeteotan Bizkaiko hainbat udalerritan indarkeria eta larderia erabiliz egindako hainbat lapurretetan parte hartu izana leporatuta. Atxilotuarekin batera, lapurreta horien egileak izango liratekeen beste hiru gaizkide identifikatu ditu polizia autonomikoak, eta euren bila ari da, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Ustez ihes egin zuten aipatu atxiloketaren berri izan bezain laster. Besteak beste, Basaurin gertatutako hiru lapurreta, Galdakaon eta Gernikan izandako bina; eta Sopelan jazotako bat egozten dizkiete. Kasu guztietan, gazteek erabili ohi dituzten lokal edo lonjetan sartu ziren ustezko lapurrak (hiru edo lau gizonezko), jabeak barruan zeudela, eta indarkeria erabiliko zutela esanez. Kasu batzuetan mehatxu horiek bete egiten zituzten, biktimei eraso eginez. Lokaletatik hainbat objektu eraman ohi dituzte, gehienbat aparailu elektronikoak, larderia erabiliz biktimei kentzen dieten diruarekin batera. Kasu horietako askotan, ihes egiteko erabili duten autoa, berbera ei da, Citroen Saxo bat.
Joan den otsailean, Ertzaintzak salaketa baten bidez jakin zuen hiru gizonezkok, gazteek biltzeko erabili ohi duten Leioako Iturribide kaleko lokal batean indarkeria erabiliz lapurreta egin zutela. Ustezko egileek bertan zegoen gazteetako bat bortizki eraso omen zuten: biktima ihes egiten saiatu zen eta azkenean, lapurrek lokaletik hainbat objektu eta gazteek gainean zeramaten dirua eraman zituzten. Segidan, lapurrek, laugarren gaizkide batek gidatzen zuen auto batean, Citroen Saxo bat, ihes egin omen zuten. Gertakari hori ezagutu bezain laster, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen. Horri esker, ezaugarri berberak zituzten eta Bizkaiko hainbat udalerritan eman ziren beste lapurreta batzuen berri izan zuten. Hori ikusita, ikerketaren arduradunak aipatutako kasu horietan ere oinarritzen hasi ziren. Horri esker, ustezko egileak identifikatzea lortu zuten. Handik aurrera, eman beharreko hurrengo urratsa horiek aurkitzea eta atxilotzea zen, baina hori lortzeko uste baino denbora gehiago behar izan dute.

Atxiloketa Sopelan

Joan den maiatzaren 18an Ertzaintzak gazte talde batek emandako abisu bat jaso zuen. Sopelako Akilino Arriola kaleko lokal batean zeudela zioten eta lagun talde bat atea kolpatzen ari omen zela eta irekitzeko agintzen ari omen zitzaizkien oihuka. Berehala patruila auto bat bertaratu zen eta poliziek abisua eman zuten gazteekin hitz egin zuten. Lokal barruan zeudela, bat-batean, lagun talde bat atea kolpatzen eta irekitzeko oihuka agintzen hasi omen zitzaien. Lapurreta egiten saiatuko ziren beldurrez, SOS-Deiak 112 telefono zenbakira hots egin zuten gazteek. Ustezko egileetako baten deskribapena eman zieten agenteei. Une batzuk beranduago lokaletik hurbil aurkitu zuten gizonezko hori ertzainek.

Identifikatu bezain laster, bila zebiltzan susmagarrietako bat zela jabetu ziren agenteak. Berehala eman zieten aurkikuntza honen berri beste lapurreta kasuen ikerketa zeramaten ertzainei. Handik gutxira arduradun horiek beraiek atxilotu zuten susmagarria. Une honetan, Ertzaintza ustezko lapurretetan parte hartu zuten beste hiru gizonezkoak aurkitu eta atxilotzeko ikerketak egiten dihardu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun