Ohi denez, azokak aniztasunaren aldeko apustua egin du. Horrela, Euskal Herria osotik etorritako eskulangileez gain, Italiako, Irlandako, Okzitaniako, Portugalgo, Herrialde Katalanetako, Aragoiko, Galiziako, Gaztelako, Leongo, Asturiaseko, eta Andaluziako partaideak egon dira. Hori dela eta jendeak ezagutzen dituen produktuak erosteko aukera izan du, eta baita hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen dutenak ere.
Artisauen erakustaldiak
Halaber, zuzenean eginiko erakustaldiek arrakasta handia izan dute aurtengoan. Goizez eta arratsaldez, zenbait eskulangile jardun dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Aurten, Toledoko Fatima Carrasco eskulangileak eskuz eta goruz eginiko irutearen teknikak erakutsi ditu. Bestalde, Belen Alonso eskultore asturiarrak harri-zizelkatze tekniken erakustaldia egin zuen. Azenik, Jose Ramon Agirre kandelagile bilbotarrak argizaria nola lantzen den azaldu eta erakutsi zuen. Gainera, eskulangile azken horren eskutik, gaztetxoenek kandelagintza ezagutu ahal izan zuten, haurrentzako tailerra egon da eta. Aurten ere Gastronomiaren Gunea arrakastatsua izan da. Bertan 14 postu egon dira eta bisitariek gozokiak, ogiak, ahatekiak, txokolateak, jatorrizko deitura duten gaztak eta garrapiñatuak erosteko aukera izan zuten, besteak beste.
Datorren urteko azoka
Datorren urtean azokak XXVII. urteurrena beteko du eta iaz hasitako filosofiari eutsiko dio, publikoak "harrera paregabea" egin dio eta. Hori dela eta, estalperik gabe egingo da azoka eta sarrera doakoa izango da. Horrezaz gain, zuzenean egiteko erakustaldien eta haurrentzako tailerren guneak bultzatuko dira.