Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Kepa Arizmendi euskal iheslari politikoa hil da Baionan garun-isuri bat izan ondoren
Gaur goizean kalean zihoala izan du isuria eta kalean bertan hil da. Elizondokoa izatez, urte asko zeramatzan iheslari politiko bezala Baionan bizitzen.
Kepa Arizmendi euskal iheslari politiko zendu da Baionan:
Gaur goizeko 10etan Baionan kalean zihoala garun isuri bat izan du eta kalean bertan hil da Kepa Arizmendi. Urte asko zeramatzan Kepak iheslari politiko bezala Lapurdin bizitzen. Keparen gorpua une hauetan Baionako belatokian aurkitzen da. Oraindik ez dakigu nola emango zaion azken agurra.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren gogoeta:
Une latz hauetan Amnistiaren Aldeko Mugimendutik Keparen senide eta hurbilekoei gure berotasuna eta babesa adierazi nahi diegu.
Ehundaka izan dira azken urteotan torturatuak eta espetxeratuak izatea ekiditearren beraien sorterritik ihes egin beharrean aurkitu dira euskal herritarrk. Egun munduan zehar barreiaturik daude ehundaka iheslari politiko, herritik urrun, asko baldintza gogorretan eta poliziaren presiopean bizitzen. Asko dira halaber Euskal Herrian bertan iheslari politiko bezala bizi direnak ere.
Iheslarien aurkako jazarpenak ez du etenik izan eta ugariak izan dira munduko herrialde ezberdinetan atxilotuak izan ondoren espainiar polizien edo epaileen esku utzi dituztenak. Momentu honetan gogora ekarri nahi dugu pasa den abenduan bertan Juan Mari Mujika iheslari politikoa bahitua izan zela polizien eskutik. Ezin aipatu gabe utzi oraindik orain desagertua jarraitzen duen Ion Anzaren kasua.
Iheslari politikoak espainiar errepresioaren jomugan jarraitzen dute, eta presio honek eta sorterritik kanpora bizi beharrak eragin nabarmena du iheslarien osasun egoeran. Une honetan ozen aldarrikatu nahi dugu euskal iheslari politikoek euskal herrian libre bizitzeko duten eskubidea.
Amaitzeko, Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egiten dugu heriotza honen aurka protesta egiteko antolaturiko diren mobilizazioetan parte hartzera.