Azkenik, ekainaren 20rako, larunbatarekin, bazkaria egingo dute Algortan berbalagunek, Bizarra Lepoaneko lagunek, euskaltegietako lagunek eta lagun hauen guztien lagunek, kurtso amaiera ospatzeko. "Kurtsoaren amaiera edo udaren hasiera ospatuko dugun ez dugu oso argi, baina euskaldunok aitzakia handiren beharrik ez dugunez...", Lucesek aipatu duenez. Horretarako, Zabala eskolako aterpea nahikoa izango dute "euriak ez bustitzeko, ezta eguzkiak bertan txigortzeko ere". Beraz, bertan jarriko diote helmuga 13:00etan hasiko duten bertso-poteo-kalejira-musikatuari. Ordu eta erdiz, Algortako taberna ingurua alaituko dute alboka, trikitrixa, pandero eta bertso doinuz; eta 14:30ean bazkalduko dute Zabala eskoletan.
"Hala ere, ez pentsa modu honetako bazkalaurrea izan ondoren, jan eta edatera bakarrik murriztuko dugunik gure ekintza. Musikak ez gaitu, ahoa betea izanagatik, utziko. Gainera behin irentsi beharrekoak irentsita, eta ahoa berriro libre daukagunean, kantatzeari ekingo baitiogu. Bazkalostea giroak gidatuko du, hori bai, beti ere gure eztarrien baimenarekin", adierazi du Egizuko dinamizatzaileak. Bazkarirako txartela 15 eurotan izango da helduentzat eta 8 eurotan umeentzat.