Espainian ere, dozenaka herritan zenbaketa berria egitea eskatuko dute internazionalistek, milaka boto "lapurtu" dizkietelakoan. Ezker Gaztelarra eta Komuneroen koalizio horrek komuneroen matxinada urtero ospatzen duen Villalar herrian boto bat bera ere ez jaso izana balizko irregulartasunen adibiderik onenetarikoa da. Bitartean, web[abildua]iniciativainternacionalista.org posta helbidera balizko irregulartasunak bidaltzea eskatu diete herritarrei.
Bestelako irregulartasunak
Baina, agerikoak diren "akats" gehienak II-HErekin lotuta badaude ere. badira bestelako kasuak. Horrela, Sustatu.com-ek zabaldu duenez, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak ez omen zion botoa bere alderdiari eman, gutxienez, Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera. Izan ere, De la Vegak Valentziako Beneixida herrian eman zuen botoa baina bertan PSOEk ez omen zuen botorik jaso eta, ordea, POSI garaile atera zen, Amezketan bezala, 215 botoekin.
Beste adibide batzuk aipatzearren, Errioxako Santurde de Riojan ustez PSOEk eskuratutako 66 boto PACMAren izenean agertu dira; Daya Viejan (Alacant) PPren 101 boto Ezker Antikapitalistari eman omen dizkiete; Arcicollarren (Toledo) PACMAk 125 boto eskuratu ei ditu, PSOErenak liratekeenak; Kadizko La Linean PSOEren 853 boto Iniziatiba Feministari gehitu dizkiote. Dena den, balizko akats horien maiztasuna II-HErekin eman dena baino askoz txikiagoa da.