Aitxu! Sopelako euskara elkarteak gogoz ekin dio ikasturte amaierari eta mingainak euskaraz mugitzeko kantaldia eta kanta afaria antolatu ditu larunbat honetako, ekainak 13. Egun horretan, "Euskarak batzen gaitu" lelopean, animatzen diren euskaltzale guztiek kantaldia egingo dute Lamiak eta Ertza tabernen artean, Taberna Ibiltaria musika taldeak lagunduta. Hitzordua 19:30ean jarri dute. Bertan, gainera, kantu-liburuxkak banatuko dituzte. Ondoren, iluntzeko 9ak aldera, afari legea egingo dute frontoian, paella, txahalkiak, tarta, kafe eta kopa ezinbestean dastatu beharrezkoak izango direla. Sabela sano beteta eta zintzurra bustita, afalostekoari emango diote hasiera, herri kantak abesteari, alegia. Kantuketan, baina, gonbidatu bereziak izango dira, Sopelako hainbat elkarteren ordezkariek hartu baitute parte ekimenean. Herri afarirako txartelak honako lekuetan eros daitezke, 20 eurotan: Ander Deuna ikastolako idazkaritza, Laubide margo denda, udaletxea, taberna alemana eta Larrabasterrako Yako denda. Argazkian, iazko kantaldia / Aitxu!.