Akusazio popular gisa ere agertu den España y Libertad elkarteak, berriz, bi urteko espetxe zigorra eskatzen dio Gallastegiri; baita Miguel Anjel Blanco familiatik gertu egon ezin izateko urruntze agindua. Azkenik, Ermuko Foroak, hori berau ere akusazio popular gisa, 18 hilabeteko kartzelaldia eskatzen du militante abertzale historikoarentzat; eta Gasteiz, Ermua eta Blancoren sendiarengana hurbildu ezin izatea.
Aurrekariak
Iker Gallastegiren aurkako salaketa eta ikerketaren hasiera 2006ko uztailean izan ziren eta 2007ko otsailaren 22an hartu zioten deklarazioa. Gallastegik berak Juan Del Olmo epailearen aurrean esan zuenari jarraituz, Uribe Kostako AAMk "kontu hau guztia muntaia politiko mediatikoa besterik ez" dela salatu du. Errepresioaren aurkakoek azaldu dutenez, "egun batean, Telletxeko presoen aldeko karteladan zegoela, pertsona bi inguratu zitzaizkion italiar kazetariak zirela esanez, eta galdera batzuk egin zizkioten euskal gatazkaren inguruan, herritarren iritziak jaso nahi zituztela-eta". Besteren artean, honakoa adierazi zuen Gallastegik: “zergatik eskatu behar dugu barkamena? Guri nork eskatu digu barkamena frankismoaren 40 urteak direla eta? ETAn ez dago hiltzea gustatzen zaien horietakorik, ez dago. Haien egitekoa da, aberriaren betebeharra delako hiltzen dute”. "Handik sei hilabetetara esaldi horiek moztuta eta modu maltzurrean muntatuta agertu ziren Tele5 telebista kate espainolean Miguel Angel Blancori buruzko programa batean. España y Libertad elkarteak salaketa jarri zuen, eta handik dator oraingo epaiketa hau", gaineratu du AAMk. Ikerren loba Irantzu Gallastegiri 50 urteko espetxe zigorra jarri zioten, 2006ko uztaila hasieran, Ermuko PPko zinegotzia zenaren hilketan parte hartzea egotzita.