Bestalde, Udaltzaingoak bi andrazko identifikatu zituen pasa den ostiralean, hainbat diru-zorro lapurtzea egotzita. Poliziak bi andrazkoen atzetik zebiltzan, hainbat salaketa jaso eta gero. Dirudienez, udalerriko saltoki handietan lapurtu dute beti eta biktimak pertsona edadetuak izan dira, tokiko iturrien arabera. Abilezia handiz, biktimek dendako produktuak hartzen zituzten bitartean, oharkabetzen ez zirela baliatuta, disimuluz euren parean jarri, poltsan eskua sartu eta diru-zorroa lapurtzen zieten. Gertatutakoaz ez zen konturatzen biktima kutxara iritsi arte, ordaintzeko diru-zorrorik ez zuela ikusita.
Kantabriatik
Lapurreten egileek aurrekari ugari dituztela adierazi du Udaltzaingoak; eta lapurretak egiteko Kantabriatik datozela. Ekainaren 5ean, kalez jantzitako udaltzainek ikusi eta zaintzapean izan zituzten Algortako supermerkatu batean. Saltokitik ateratzerakoan gelditu egin zituzten eta ostutako diru-zorroa atzeman ei zieten. Horregatik, lapurreta hori eta udalerrian egindako beste batzuk egotzi dizkiete. Halaber, jakin izan dute emakume horiek Ezkerraldean eta Bizkaiko beste udalerri batzuetan izandako lapurreten egileak izan daitezkeela. Leku jendetsuetan poltsekin kontuz ibiltzeko gomendatu die herritarrei Udaltzaingoak, beti itxita eta eskutik helduta eramatea, alegia.