Lonnie Brooks
Bere karrerari Chicagon bultzada emateko bere etxea utzi eta 40 urte geroago, Lonnie Brooks-en (1933, Louisiana) musikak oraindik funky erritmoen eta Bayou, Opelousas eta Lafayetteko urtegietako soinuen funtsa gordetzen du. Brooks-ek bere jatorrietako soinuak Texasko swing, Memphiseko soul eta Chicagoko blues garbienarekin konbinatzen ditu zapore propioko nahasketa sortzeko.
Lee Baker Jr. izenarekin jaioa, Brooks Port Arthur-eko gazte langilea zen, bere etxeko atarian gitarra jotzen ari zela Clifton Chenier mitikoak begirada harengan jarri zuenean. Red Hot Louisiana Band-eko kide izateko gonbit egin zion. Handik gutxira, "Guitar Junior" ezizenarekin, rockaren eszenan bat-batean sartu zen "Family Rules", "The Crawl" edo "Roll, Roll, Roll" bezalako hit-ekin.
1959an Sam Cooke talde ospetsuarekin bat egin zuen hegoaldetik zeharreko bira batean. Lankidetza horren emaitza gisa, estilo propioa garatzen hasi zen, Chicagoko erritmoak Muddy Waters, Howlin' Wolf, Little Walter, Otis Rush edo Magic Sam-en eraginekin batuz. Garai hartan Jimmy Reed-ekin ere aritu zen elkarlanean eta "Big Boss Man" klasikoa grabatu eta bere izena oraingoarengatik aldatzea erabaki zuen.
60. hamarkadan emanaldiak oparo eman zituen AEBetako mendebaldean eta "Broke and Hungry" bezalako lanak grabatu zituen Guitar Junior izengoitipean. 1978an azkenean entzuleen aintzatespena heldu zitzaion; baita kritika ere, "Two Headed Man" albumaren bitartez. Album hori Alligator zigilu entzutetsuko Living Chicago Blues Series bildumarako grabatu zuen.
Lan horrek vodoo blues estiloaren sorrera markatu zuen eta Brooks-en zigilu pertsonal bilakatu zen. 1979n bere arrakasta musikaletako beste bat kaleratu zuen: "Bayou Lightning", arrakastatsu berehala bihurtu zuena eta Grammy sarietarako izendatu izatera eta nazioarteko aintzatespena lortzera eraman zuena. Harrezkero, Louisianako artista jaialdi entzutetsuenetan aritu da eta hainbat estilotako artista ugarirekin kontzertuetan hartu du parte, "Blues Brothers 2000" filmean bere burua antzezteaz gain.