Berangoko txakolin ekoizleek beren egun handiena, Berangoko Txakolin Eguna, alegia, ospatuko dute igandean, hilak 14. Txakoli Laguntzaleak elkartearen lanari esker, igandean burutuko da tokiko ardoaren IX. festa. Eguraldi ona eginez gero, Sabino Arana kalean eta txarra egitekotan frontoian. Eguerditik aurrera eta arratsaldeko 3ak arte, 21 txakolin ekoizle izango dira 14 etxolatan, 700 bat litro eskainiko dituztela.
Berangoko Albisteak agerkari digitalak zabaldu duenez, txakolin egileek "prezio ezin hobean" eskainiko dute ardoa, "lau euro balio duen kopa erosita, nahi beste ardo eta ahal beste pintxo har ditzakezulako, muga batzuen barnean". Baina zintzurra bustitzeaz gain, sabela betetzea ere egin ahal izango da Berangon, beste bi etxolatan jatekoak izango baitira. Batean, txitxiburruntzia paratuko dute, lukainka eta hestebeteak ere dastatzeko aukera izango dela. Azken postuan, Orozkoko Teresa Petralandak euskal pastela eta gazta eskainiko ditu. Argazkian Egizu! Getxo Euskalduneko berbalagun bat txakolin dastaketa batean /
Egizu!.